Euskal txirrindularitza mintzagai Santurtzin
Marino Lejarretak, rubén Gorospek, David Etxebarriak eta Roberto Laisekak egingo dute bihar mahai-ingurua
bilbao. Euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egin du Bihotz Gaztea Ikastolak egunotan urtero antolatzen duen Santurtziko Euskal Astearekin. 18an abiatu eta larunbat honetan amaituko dira horren harira prestatutako ekimenak. Azkena bihar izango da, egun osoan zehar ospatuko den jaialdi erraldoiarekin. Euskal txirrindularitza izango da festaren ardatza.
Goizean hasiko da mugimendua txirrindulaz egingo den kalejirarekin. Valentin Uriona txirridulari elkartearen laguntzarekin, ibilbidea honakoa izango da: Ikastola, Kabiezes, J.M. Barandiaran, Txitxarra, Avda. Murrieta, Capitán Mendizabal, Maestro Calles, Juan XXII, Dr. Fleming, Las Viñas, J.M. Barandiaran, Parkea, Maestro Calles eta Gernika Parkea. Bertan, gazteentzako txirrindula ikastaroa egingo da.
Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko 18:30ean hasiko da Casa Torreko Higarillo gelan. Txirrindularitzari buruzko mahai-ingurua burutuko da bertan eta horretarako hizlari ezagunak bildu ditu Bihotz Gaztea Ikastolak. Euskal zaleek ondo ezagutzen dituzten Marino Lejarreta ahaztezinak, David Etxebarriak -txirrindulari ohia eta gaur egun Baqué-Campos taldeko zuzendaria-, 2001ean Luz Ardiden-eko jauna izan genuen Roberto Laisekak eta Reynolds taldean aritu ostean afizionatuetako zuzendari den Ruben Gorospek hartuko dute hitza.
Mahai-inguru ostean kalejira eta kantu afaria izango dira Bihotz Gaztea Ikastolako Euskal Astearen bukaerako ekintzak.