Mungiako Udalak haurrentzako kultur eta kirol jarduerez beteriko uda antolatu du. "Aurreko urteetan legez, Kirol Saila Mungiako umeen Kirol Uda-pasa prestatzen dabil. Asteroko txandetan antolatuko da, ekainaren 21ean hasita irailaren 3ra arteko epean", azaldu dute Udaletik. Urte berezia den arren eta "antolaketari begira muga asko egonda ere, ilusioz egiten diogu aurre, umeek kirola ondo egin daien" eta gurasoek horren beharrezkoa den kontziliazioa izan dezaten.

Beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartuko dira. Beste alde batetik, Udalak euskerazko Uda-pasa artistiko berezi bi antolatuko ditu. Helburua hauxe da: "Musika, Dantza, Arte Eszeniko eta Arte Plastikoetarako zaletasuna biztutea umeen artean". Horretarako, metodo atsegina eta interaktiboa erabiliko da, hau da, "umeek olgau, interpretatu, musika egin, kantatu eta dantzatu egin beharko dute", azaldu dute.

Kirol-jarduerei dagokienez, askotarikoak izango dira, edade bakoitzera egokituak, umeen artean adiskidetasuna, lankidetza, gainditzea eta antzeko jarrerak eta jokabideak sustatzeko helburuarekin. "Egoera epidemiologikoagaitik, zuhurtziaz jokatu behar dugu eta, beraz, jateko zerbitzua ez da eskainiko". Eragozpen hori konpentsatzeko, ordutegia 14:30ak arte luzatuko da, eta "umeek aperitibo edo hamaiketako bi ekarri beharko dituzte".

Aurten, proba pilotu moduan, igeriketa ikastaroak sartu dituzte programa honen barruan, goizeko hirugarren blokean (13: 00-14: 30). Azaldutakoaren arabera, hirugarren multzo hori "urez gozatzeko izango da beti, baina, aurten, gurasoek aukera izango dute euren seme-alabek kanpoko igerilekuetan jolasez gozatu daien edo igeriketa ikasteko klaseak hartzeko". Horretara, ondo pasatzeaz gainera, "ur-inguruan segurtasunez mugitzeko trebetasunak eskuratuko dituzte".

Instalazioetan euretan antolatuko diren jardueretatik aparte, osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu, "udalerritik kanpo aire zabaleko jarduerak egiteko asmoa dugu. Egoera zein den dakigunean, horren berri emango da". 2007 eta 2017 artean jaiotako umeentzako antolatu dira jarduerak. Izena eman ahal izateko, 4 urte beteta euki beharko dira ikastaroa hasi aurretik. Izen-ematea maiatzaren 10etik ekainaren 4ra arte egin beharko da.

On line egiteko aukera dago, Udalaren webgunearen bidez, baita kiroldegian ere, administrazio-ordutegian (astelehenetik ostiralera). Berandu egindako eskabideak ere onartuko dira. Eskabide horiekin, plaza libreak dauden taldeetan parte hartzeko aukera emango da (onartu ezkero, telefonoz jakinaraziko da). Talde guztiak eratu ostean, ez da eskaera gehiagorik onartuko.

Artistikoa

Uda-pasa ekimenaren barruko jarduera artistikoen artean, dantza ikasteko aukera egongo da. Dantza modernoa, klasikoa eta euskal dantzak irakatsiko dituzte. Musika eta kantua ez dira faltako. Kasu honetan, ere, musika modernoa, klasikoa eta euskal kantak aukeratu dituzte antolakuntzatik. Arte eszenikoei ere lekua egin diete; gorpurtzaren bidezko adierazpena, ahots-proiekzinoa, mimoa€

Aktibidade fisikoa lantzeko jolasak eta herri-jolasak ere egingo dituzte parte hartzaileek. Programa honen ataletako bat arte plastikoentzako gordeko da. Horrela, teknika bereziak, materiala sortzeko: dekoratuak edo mozorroak egiten dibertituko dira. Gainera, txanda bakoitzaren amaieran familientzako kontzertua antolatuko dute. Txandak uztailaren 1etik 14ra (1.txanda) eta 15etik 28ra (2.txanda) izango dira. 2009tik 2017ra jaiotako umeentzako dira jarduera hauek.

Izen-ematea maiatzaren 10etik 21era irekiko da. Plaza mugatuak dira eta, Mungian erroldatutako umeek lehentasuna izango dute. Eskari kopurua plaza kopurua baino handiagoa bada, maiatzaren 25ean, 11:00etan, zozketa publikoa egingo da Torrebillela aretoan.