- Hain ezohikoa izan den urte honetan, Bizkaiako biztanleriak euren agendan eta, orokorrean, egunerokotasunean oso aldaketa nabarmena pairatu behar izan du covid-19 gaixotasunaren agerraldia, eta honek ekarritako izurritea, dela eta. Gaitz honen aurrean osasun-agintaritzak hartu beharreko segurtasun neurriek erabatean baldintzatu dituzte mota desberdinetako jarduerak, jende pilaketak eta kutsaketa arriskua ekiditeko asmoz. Hain nabarmena izan da 2020 urte honetan izan den aldaketa, non pertsonaia mitologikoen jardunaldian ere ondorioak izan dituen; galdetu diezaiotela bestela Olentzerori.

Euskal gabonetako protagonistak, inoiz baino agenda zabalagoa izango du aurten, izan ere, hainbat eta hainbat udalerrik ez dute ohiko harrera ospatuko eta, Mungiaren kasuan, ikazkinak bere etxean jaso beharko ditu bertoko familiak, Izenaduba Basoan, abenduaren 24an. “Gaur egun bizi dogun egoereak galarazi egiten deusku Olentzeori betiko legez harrerea egitea. Abenduaren 24a berezia da eta Olentzeroren baserrira parajetu beharko dogu bera ikusteko. Bera agurtzeko bisita doakoa izango da, baina beharrezkoak diren edukiera eta segurtasun-neurriak errespetatuta kutsaketa arriskurik ez egoteko eta familia mungiarrek modu ziurrean gozatu ahal izateko”, azaldu zuten Udaletik. Bestalde, Julene Berinagak, Izenaduba Basoko zuzendariak, Udalaren ideiaren aldeko jarrera azaldu zuen: “Honen aurrean, Mungiako Udalak Izenaduba Basoan doako bisitak antolatzea eta oso ideia ona iruditu zitzaigun. Abenduaren 24ko segurtasun eta edukiera inguruko neurriak mantendu ahal izateko, aldez aurretik izen-ematea egitea beharrezkoa izango da, abenduaren 14tik aurrera. Honela, familien arteko orden bat mantendu ahalko du, supermerkatuan egiten den antzeko ilarak antolatuta. Jendea itxaroten ari den bitartean, Izenaduba Basoko gainontzeko pertsonaiek itxaronaldia alaituko dute”.

Urtero, abendua oso hilabete mugitua izaten da Mungiako espazio mitologikoan. Euskal Herriko kokapen desberdinetako eskola zein familiak egunero egoten dira kultura paradisu honetako ibilbidea egiten, honen amaieran Olentzero eta Mari Domingi ezagutzeko. Gainera, egonaldi osoan zehar, euskal mitologiako pertsonaia ugari ezagutzeko aukera izaten dute bisitariek; sorginak, Napo, Galtzagorri eta abar luze bat. Dena bertara gerturatzen diren umeen irribarrea sortzen duten ekintza eta jolas desberdinek lagunduta.

Tamalez, aurtengo abendua askoz lasaiagoa izaten ari da Izenaduba Basoan. Osasun-egoera larriaren aurrean hartutako segurtasun-neurriak direla eta, oso modu nabarmenean murriztu da espazio honetako aktibitatea, izan ere, herrien artean mugitu ezinak oso eragin handia izan du. “Aurreko urteetan Euskal Herriko txoko desberdinetako 135 ikastetxe inguruk egiten zuten bisita Izenaduba Basora, baina, aurten, udalerrietako itxialdi perimetrala dela eta, Mungiako eskolak bakarrik jaso ditzakegu. Ohituta gaude bisitari gehienak Bizkaiatik kanpokoak izatera, baina 2020 urteak ere oso aldaketa handia suposatu du guretzako”, azpimarratu zuen Julene Berinagak, Izenaduba Basoko zuzendariak.

Hala ere, osasun-egoera izaten ari den garapen baikorra ikusita, euskal mitologiaren parke tematikoko langileak adierazi zuen laster espero duela bertoko aktibitatea neurri batean handitzea: “Dirudienez, prebentzio neurrien malgutasuna handituko omen dute abenduaren 10etik aurrera, horregatik, espero dugu berriro ere Mungiatik kanpoko ibilaldiak berreskuratzea abenduaren 12tik aurrera. Logikoa den bezala, hainbat dira bisitetarako hartu ditugun segurtasun-neurriak, horrenbestez, guztiz ziurrak dira ibilaldiak; distantziak mantenduta, musukoak jantzita eta, hala ere, pertsonaiekiko interakzioa zainduta. Behin bisitak bukatuta, eremu guztia eta jendeak ikututako materiala desinfektatzen dugu, horregatik, goiz bakoitzeko ibilaldi bakarra antolatzen dugu, partaideek inongo presarik gabe gozatu ahal izateko egonaldia”.

Horrenbestez, esan daiteke gizarteak aurten bizitako osasun eta gizarte krisialdiak mundu mitologikora ere salto egin duela. Aurten, ezinezkoa izango da Olentzero eta Mari Domingi Mungiako kaleetan zehar paseatzen ikustea, baina, honen beharrean, euren etxean jasoko dituzte ume euskaldunak. Munduko ikazkin famatuena ezagutu nahi dutenek, aukera bikaina izango dute Izenaduba Basoko ibilbidea egin ezkero. Euskal mitologiako pertsonaia ugari hurbiletik ezagutzea ahalbidetzen du espazio kultural honek eta, gainera, eurekin jolasteko aukera bikaina, beti ere covid-19 gaixotasunaren aurkako prebentzi neurriak hartuta, inono kutsaketa arriskurik ez izateko.