- Izenaduba Basoak oso aldaketa handia somatu du bere plangintzan izurritea dela eta. Hala ere, beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko prest dagoela adierazi du Julene Berinaga zuzendariak.

Nola aurkezten da zuentzako aurtengo abendua?

—Kontuan izanda urte osoak izan duen garapena, argi dago aurtengo abenduak eta gabon garaia oso desberdinak izango direla aurreko urtekoekin alderatuta. Gure aktibitatea oso modu nabarmenean mugatu dute osasun-agintaritzatik hartutako segurtasun-neurriek, baina espero dugu ahalik eta arinen, ziurrenik abenduaren 12tik aurrera, normaltasun puntu bat berreskuratu ahal izatea. Herri eta lurralde historikoen arteko mugak altxatuta, ikastetxeen eta familien bisita kantitatea handitzea, beti ere beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuta. Beste alde batetik, aurten ez da Olentzeroren harrerarik ospatuko herrian eta, honen ordez, ikazkinak bere etxean jasoko ditu haur mungiarrak, hau da, Izenaduba Basoan. Kontuan izanda egungo osasun-egoera, ezinezkoa litzateke normalean prestatzen den harrera jendetsua egitea, oso arriskutsua delako. Honen aurrean, Mungiako Udalak Izenaduba Basoan doako bisitak antolatzea eta oso ideia ona iruditu zitzaigun. Nahiz eta aurten ezingo den beste urtetako irudia ikusi, Mungiako kaleak jendez gainezka Olentzero eta Mari Domingi jasotzen, herriko familia eta, batez ere, txikienek euren pertsonaia gogokoenarekin ezagutzeko aukera izango dute eta hori da garrantzitsuena. Haurrek modu ziurrean gozatuko dute ibibidea.

Zeintzuk izango dira segurtasun-neurriak?

—Hasteko, edukiera modu nabarmenean mugatuko dugu, hamar pertsona sartuta gehienez txango bakoitzeko, lehen 40 pertsona sar zitezkeen, eta, eskolek antolatutako ibilaldien kasuan, ikastetxeak egindako burbuilak mantenzen ditugu. Ondoren, pertsonaia mitologikoen eta partaideen arteko segurtasun-distantzia une oro mantentzen da, derrigorrezkoa izanda musukoaren erabilera. Hala ere, pertsonaien eta bisitarien arteko hartu-eman harremana beste metodo batzuen bidez egingo dugu, izan ere, tabletak izango dira jokoak antolatu ahal izateko baliabideak. Bestalde, aintzat hartu behar da bisita bakoitzaren amaieran espazio guztia eta jendeak erabilitako materiala higienizatzeko desinfekzio lanak egingo ditugula. Kontuan izanda espazio irekian garatzen dela ibilbide gehienea, oso seguruak dira Izenaduba Basoko bisitak, horrenbestez.