- Ikasturte hasieraren inguruan ezjakintasun handia eragin du covid-19 birusak eragindako izurrite eta osasun-egoera larriak, baina, hala ere, EGAZ Txorierri erakundeko teknikariak lanean dira jada eskualdeko biztanleriari lan munduko eskaintza onenak edo formakuntza ikastaro desberdinak proposatu ahal izateko. Kasu honetan, Derio, Erandio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudioko herritar gazteei zuzendutako proiektuak aurrera eramango dira, izan ere, bertoko udalekin eta Bizkaiako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Txorierriko garapen ekonomikorako plataformak bere gazte-politikak berrikustea dauka helburutzat, honela sektore honek izan ditzakeen beharrizanak asetu ahal izateko. "Hausnarketa-prozesu hau aldi berean gauzatuko da Bizkaiko eskualde guztietan eta xede izango du, batetik, eskualdeko gazteen eskaerak eta beharrak eta, bestetik, profilen araberako egiturazko beharrak jaso-tzea. Horretarako, orain arte abiarazitako ekimenetan parte hartu dutenei zein programa horietan parte hartu ez dutenei zuzenduko zaie ekimena. Gainera, Europa osorako adostutako gazteentzako helburu eta politika publikoen berri emango zaie gazteei, baita haien errealitatera egokitu ere", azaldu zuten egoitza Sondikan daukan entitatetik. Xede hauek burutu ahal izateko, EGAZ Txorierrik ekintza desberdinak antolatzen jarraituko du irailetik aurrera; tailerrak, aurrez aurreko topaketak, online galdetegiak... Denak, azken hilabeteetan logiko eta beharrezkoa izaten ari den bezala, mota desberdinetako segurtasun neurriak izango dira; esate baterako musukoaren derrigorrezko erabilera, gel desinfektatzaileen erabilera, segurtasun-distantzia mantentzea eta ekimen hauteako pertsona edukiera murriztua izatea, batik bat. Azkenengo urteetan ohikoa izaten ari den bezala, sare-sozialek oso paper garrantzitsua jorratuko dute gazteentzako proiektu desberdinak garatu ahal izateko, izan ere, hauek izango dira EGAZ Txorierrik komunikaziorako tresna nagusiak.

Beste alde batetik, jada martxan diren gazteriarekin lotutako proiektuen funtzionamendua ere aztertuko da, esate baterako Gaztedi Bizkaia planaren bilakaera, gazte politika integrala sustatu eta garatzeko helburuarekin. "Programa horren esparruan, azken urteotan, besteak beste honako ekintza hauek egin dira: Ezagutu Aukeratzeko -Batxilergoko eta DBHko bigarren zikloko ikasleei lan-munduaren errealitatea hurbilarazteko programa-, Ekintzailetzaren eta Enpleguaren Eguna, kultura ekintzaileari buruzko lehiaketak eta, konfinamenduan egondako hilabeteetan, telefono bidezko orientazio-zerbitzu bat, enplegua bilatzeari edo karrera profesionalak birbideratzeari buruzko banakako tutoretzak eskaini dituena. Azken zerbitzu horrek 270 pertsona artatu ditu", azaldu zuten EGAZ Txorierritik.