Nahiz eta abuztuan sartu berri den egutegia, Bizkaiako kirol desberdinetako lehiaketen inguruan ezajkintasun handia dago oraindik, izan ere, kontuan izanda gaur egun bizi den osasun-egoera, hainbat dira kontuan hartu behar diren aspektu eta segurtasun-neurriak. Hala ere, Larrabetzuko futbolzaleek oso berri onak jaso dituzte bertoko Udalaren eskutik, datorren denboraldian soropil berria izango duelako Errebale futbol zelaiak. Aste honetan, berrikuntza lanen azkenengo puntaldiak eman dira eta, jadanik, soropil larrabetzutarrak bere belar artifizial berria aurkezten du. Horrenbestez, herriko Uritarra Kirol Taldeak egoera bikainetan jokatu ahal izango ditu datorren denboraldian Ohorezko mailan etxean jokatu dituen norgehiagokoak, futbol bizkaitarraren gailurrean.

Dirudienez, 2019-2020 denboraldian zehar, hau martxoan bertan behera geratu zen arte, zenbait gaitz somatu ziren belarrean eta honek oso arrisku handia suposa zezakeen bertan jokatzen ari zirenentzako. “Iaz antzeman zen arazoak zeudela futbol zelaiko soropil artifizialean. Arazo horiek lurraren egonkortasunari eragiten zioten eta arriskutsua zen jokalarientzako”, azaldu zuten Larrabetzuko Udaletik berrikuntza lanak hasi zirenean.

Antza, 2014 urtean aurreko soropila ezarri zenean fabrikazio eta material arazoak izan ziren eta aldaketa lanak egitean. Kontuan izanda aipatutako arazoak enpresa arduradunak egindako akatsen ondorio izan zirela, Larrabetzuko Udalak bide desberdinak proposatu zizkion entitateari; batetik, auzitegien bidea eta, bestetik, akordio batera ailegatzea. Espero zitekeen bezala, enpresak bigarren aukera hautatu zuen eta akordioko bi muturrek adostutakoaren arabera, enpresak aurtengo udaldian Errebaleko soropila aldatuko zuen, kalitate hobeko belarra jarrita.

Beste alde batetik eta ekintza nabarmen honen aurrekontuari dagokionez, Udalak 2014 urtean ordaindutako diru kantitatearen %60ko beherapena jasoko zuen, horrenbestez, 51.000 euroko salneurria ordaindu du herriko gobernuak. Kontuak kontu, argi dago ekintza hau gehien gozatuko dutenak herriko futbolzale eta futbolariak izango direna, izan ere, baldintza bikainetan jokatu ahal izango dute Errebalen eta, batez ere, euren osasuna arriskuan jarri gabe.