- Nahiz eta deskonfinamendua hirugarren fasera ailegatu den Euskal Autonomia Erkidegoan, oraindik ere jendeak ez du bere egunerokotasuna pandemia aurretik bezala garatzeko aukera izan. Horregatik eta berrogeialdiko esperientzia herritarrek nola bizi izan duten jakiteko, Zamudioko Udalak galdera batean oinarritutako txapelketa bat proposatu du: “Nola daramazu konfinamendua eta deseskalatzeko unea?”.

Honen arabera, 25 urtetik beherako biztanleek euren esperientzia idatzi edo grabatu beharko dute, izan ere, idazki zein multimedia formatuak onartuko ditu epaimahaiak. Neurriei dagokienez, idatzitako materialak 50 lerroko luzeera izango dute gehienez eta bideoak 30 segundu eta hiru minutu bitarteko iraupena. Partaide gutzien artean Udalak herriko dendatan eskola-materiala erosteko 15 euroko bonoak banatuko ditu eta, gainera, epaileek aukeratutako hiru lan onenek 50 eurokoak jasoko dituzte. Ekimen honetan parte hartu nahi duten zamudioztarrek kultura@zamudio.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte euren lanak datorren astelehena baino lehen, hau da, ekainaren 15earen aurretik.