"Mungia herri solidario eta arduratsua da eta gaur egun bizi dugun osasun egoeraren aurrean horrela izango da", mezu hau zabaldu zuen Ager Izagirrek, Mungiako alkateak, Covid-19 edo Coronavirus delakoaren pandemiaren inguruan azaldu beharreko jarrera adieraztean biztanleriari. Udalburuak, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Zerbitzuak emandako argibideak betetzea eskatu zien herritarrei, hau da, etxean geratu eta higienea asko zaintzea. Hala ere, hainbat izan dira egun hauetan egoerari aurre egiteko euren laguntza eskeini dutenak bolondres modura, esate baterako herriko Babes Zibileko kideak. Gaur egun bizi den pandemiaren aurrean, giza-talde hau Udaltzaingo eta brigadarekin kolaborazio lanetan dabil Gobernuak ezarritako neurriak betetzeko eta jendea laguntzeko. "Orain, Udalak grabatutako mezua megafonia bitartez zabaltzen gabiltza batez ere. Udaltzaingoak erdigunean zehar zabaltzen du eta guk, ordea, kanpoaldean dauden auzoetan ibiltzen gara. Beste alde batetik, esan digute laster Elikagai Bankuko produktuen banaketa egin beharko dela eta, ziurrenik, distribuzio lanak ere gure kontura izango dira", azaldu zuen Aitor Muruagak, Mungiako Babes Zibileko kideak. Egun hauetan, oso ohikoa da jende ilara luzeak ikustea supermerkatu edo bestelako etxeetarako ornidura zentroetako kanpoaldeetan eta, kontuan izanik beharrezkoa dela gutxiengo segurtasun distantzia bat mantentzea, pertsona pilaketa hauek kontrolatzen ere aritzen dira.

Pasaden asteburuan hasi zuen elkarteak herriko bolondresen jasotzea, baina, behin Eusko Jaurlaritza agindu zehatzagoak emanda entitate desberdinei, Mungiako Babes Zibileko kideek organo nagusietara bideratzen dituzte ahal duten neurrian lagundu nahi duten mungiarrak.