Euskal kulturaren maitale eta kontsumitzaileak zorioneko egongo dira gaurtik aurrera. Eguerdiko 12:00etan, Mungiako euskal eta liburuen azokak bere ateak zabalduko ditu herriko eta inguruetako biztanleriari oso kultura eskaintza zabala aurkeztuta. Hau datorren domekara, martxoak 15era, arte egongo da irekita eta, aurtengo erakusketa gaia 1920. hamarkadako literatura izango da; hortaz, Txomin Agirre, Lizardi, Orixe eta Lauaxeta bezalakoak oso presentzia nabarmena izango dute. Guztira, 15 postutxo izango dira Matxin Plaza barnean eta bertaratutako jendeak liburu eta diska euskaldun desberdinak eskuratzeko aukera izango dute, kasu batzuetan %10eko beherapenarekin gainera. Euskal Liburuen Ganbarak, Mungiako Udalaren laguntzarekin, antolatutako ekimen honetan oso argitalpen esanguratsuak izango dira; Karmele Jaioren Aitaren Etxea, Pako Aristiren Euskal kantagintza berria, Kirmen Uribe 17 segundo eta Inma Roiz El viaje de Aixa, beste askoren artean. Musikak ere oso ordezkaritza izango du Mungiako azokan datozen egunetan. Batik bat, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays, Goazen, Benito Lertxundi eta Mikel Urdangarin bezalako abeslari eta banda arrakastatsuen lanak egongo dira, nahiz eta bestelako estiloak ere izango diren stand desberdinetan.

Bestalde, hainbat izango dira datorren asteburuan kultura azoka hau bisitatuko duten idazle ezagunak, izan ere, bertan egongo dira Inma Roiz, Beñat Arginzoniz, Aritza Bergara eta Javier Sagastiberri. Horrenbestez, aukera ezinhobea izango da jendeak autore nabarmen hauen liburuak eskari berezi batekin lortu ahal izateko. Amaitzeko, euskal literaturaren inguruan bira egingo duten solasaldiak ere egongo dira. Datorren eguenean, martxoak 12, Torrebillela Kultura Etxeak Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren Basa liburuaren inguruko hitzaldia jasoko du arratsaldeko 19:30etatik aurrera ateak irekitako jarduera batean. Mungiako kultura azokaren 20. edizio honek daukan liburu eta diska eskaintza eta, bestalde, programa kontuan izanda, argi dago euskal kulturak topagune aparta izango duela bertan.