URTEAN zehar, herri bizkaitarrek hainbat jaialdi, ospakizun eta edonolako ekitaldiak antolatzen dituzte eta, hauetan guztietan, faktore komun bat egoten da beti; herrietako jendea. Denengatik jakina da herri baten handitasuna ez dutela paisaia, monumentu edo zerbitzuek egiten, bertoko jendeak baizik. Kasu honetan, Sondikako gizarteak begizta beltza jantzita dauka pasaden eguaztenetik, izan ere, urtarrilaren 22an Txomin Ibarra La Ola auzoko biztanlea zendu egin zen. Bere bizitzako 79 urteak Loiuko Larrondo auzoan hasi ziren, Goikiri baserrian zehazki, eta behin ezkonduta Sondikara mugitu zen. Geroztik, bere bizitzak helburu bakarra izan zuen, bere lagun eta jende maitearen bizitza hobetzeko laguntzea bere eskuan zeuden baliabide guztien bitartez. "Nire aitak arazo handi bat zuen; ez zekien ezetz esaten. Jendeak laguntza eskatzen zioenean bera beti hasten zen buruari bueltak ematen erremedio edo konponbideren bat aurkitu arte", aitortu zuen Eleder Ibarrak, Txominen semeak. Ofizioz suhiltzailea izan zen Ibarra eta, hainbat sute amatatzeaz gain, estatu mailako suhiltzaileen arteko hainbat txirrindularitza txapelketa irabazi zituen, izan ere, bizikletaren munduaren inguruko zaletasun handia izan zuen. Gainera, Carpas Ibarra enpresa ezaguna sortu zuen eta, gaur egun, bere seme-alabek bertan egiten dute lan.

Lan mundua alde batera utzita, Txomin Ibarrak oso garrantzi handia izan zuen Sondikako eta Euskal Herriko kulturan. Herri kirolen munduan berebiziko pisua irabazi zuen. Bera izan zen zaldi-probak antolatzen lehena eta, geroztik, bidai ugari egin zituen herri kirolak sustatzen; Estatu Batuetako euskal diasporara, Australiara eta mundutik eta estatutik sakabanatutako beste hainbat tokitara ere. Honen ondorioz, hainbat izan ziren bidean zehar egin zituen lagunak eta, bere seme-alabek aitortu zutenez, bere lagunek berebiziko garrantzia zeukaten Txominen bizitzan: "Bere lagunen laguna zen aita. Fidela eta beti eurek etxean jasotzeko besoak zabalik. Etxeko txokotik milaka pertsona igaro dira eta honek oso zoriontsu egiten zuen bera". Oso nabarmena da Txomin Ibarrak bere La Olako baserrian utzi duen kultura ondarea. Bertan daudenak baino objektu kantitate urriagoak dituzten museoak daudela esatea ez da inongo gehiegikeria. 1.000 objektu inguru daude bertoko hormatan eskegita, aizkorak batez ere. Hala ere, bestelako objektu historiko ugari daude bertan; txalupak, sutegia, elizako tresnak, aintzinako ileapaintze tresnak eta abar luze bat.

Familiaren eskerrak Etxeko aitak azken agurra eman zuen unetik, jende ugari izan da Ibarra familiarengana hurbildu dena. Sondikako, Bizkaiako zein Euskal Herri mailako pertsona askok nahi izan zuen Txomin Ibarrak egindako lanaren ondoriozko eskerrak ematea bere seme-alaba eta emazteari. "Hileta eguna jendez gainezka egon zen eta horrek oso argi adierazten du jendeak nola maitatzen zuen gure aita. Bera beti egon zen edonor eta edonola laguntzeko prest inongo interesik gabe", adierazi zuen Iratxe Ibarrak, Txominen alabak. Bestalde, familia orokorrean oso eskertuta azaldu zen aitak jasotako arreta medikoarekin: "Sondikako anbulategian, Gurutzetako ospitaleko ematologia zerbitzuan, etxerako zerbitzuan... Bihotz-bihotzez eskertzen dugu gure aitak jaso izan duen atentzioa. Arlo pertsonal eta profesionalean oso baloratuak sentitu gara". Gainera, Sondikako Batzokiarekiko eskerrak ere adierazi zituzten Ibarraren seme-alabek, izan ere, aitak azken agurra eman zuenean, honek ikurriña haga erdira jarri zuen. Guztia kontuan izanda, argi dago Txomin Ibarraren inguruak oso harro ahozkatu dezakeela bere izena. Sondikako eta Euskal Herriko kulturan oso oinatz nabarmena utzi zuen sondikoztar honek eta, ondorioz, "agur eta ohore", esaldia aipatzea ezinbestekoa da. Goian Bego Txomin.