nAHIZ eta Mungiako San Pedroei domeka gauean agur ofiziala eman, bertako jendeak oraindik ere energia soberan dauka herriko txoko desberdinetan ospatzen jarraitzen diren ekitaldietan partaide izateko. Kasuak kasu, atzo, San Cristobal auzoko auzokideak izan ziren ospakizun arrazoiak izan zituztenak, izan ere, sainduaren egun ofiziala da uztailaren 10a. Goizean goizetik, eta aurreko egunetan egindako lana kontuan izan gabe, auzoko jai batzordeko kideak jo ta ke aritu ziren ekintza bereziak inongo arazorik gabe garatu ahal izan izateko; besteak beste, eszenatokia eta txosnaren prestakuntzan eta ondoren jendeak dastatu zituen jakiak sukaldatzen.

Egun eguzkitsua zela eta, hainbat izan ziren goizean hasi ziren ekitaldi programazioan parte hartzea erabaki zuten beste auzo mungiarretako biztanleak. Jardunaldi alaiak goizeko 11:00tan izan zuen bere hasiera San Cristobal auzo alboan kokatutako San Pedro elizan ospatu zen meza saindua izan zen. Behin hau bukatuta, jaietako txupinazoa jaurti eta, urter bezala, arku gainean kokatutako San Cristobalen figurari lora eskaintza egin zitzaion.

Eguerdia hurbilduz zihoan einean, mungiarren sabelak orroka hasten ziren beroak eta janari usainak berarekin ekarri zuten gosea zela eta. 13:00ak aldera, antolakuntzak txartelak saltzen hasi ziren auzokideek sukaldatutako paella eta txanpinoietaz gozatu ahal izateko, nahiz eta aurretik, haietako askok, hauek dastatzeko aukera izan zuten. Tiket bakoitza hiru euroko salneurrian egon zen eskuragarri eta, antolakuntzaren arabera, 200 pertsona ingururentzako bezain besteko paella eta txanpinoiak prestatu zituzten ondoren ospatu zen herri bazkarira begira. Behin sabelak bapo beteta, mahaiganeko ederra antolatzea guztiz beharrezkoa zen jai batzordearen aburuz; horregatik, txosna eta eszenatoki tartean kokatutako terraza mahaietan mus txapelketa arina jokatu zuten herri bazkariko partaide mungiarrek. Haurrek ere izan zuten bazkalosterako ekintza bereziren bat. Esate baterako, Disney kompainiako pertsonaiak bertan egon ziren antolakun-tzak prestatutako photcall batean umeek argazkak atera ahal izateko euren pertsona gustokoenekin. Gainera, gaztetxoenentzako igelara jaurtiketa eta soka-tira bezalako joko tradizionalak ere egon ziren.

Jai euskaldunetan ohikoa den bezala, musikak ere bere protagonismo maila handia izan zuen atzoko arratsalde osoan zehar. Hasteko, 18:00tan Ernesto eta Miari izan ziren kubako doinu eta erritmoak San Cristobal jaietako biztanleen gorputzetan sartzearen arduradunak. Egun osoan zehar egin zuen sargoriak panorama karibetarraren sentsazioa areagotzea lortu zuen gainera. Ondoren, saltsa dantzen bitartez erretako energiak berreskuratzeko, doako txokolatada banatu zuten auzokide antolatzaileek saindu aurrean egon ziren mungiar guztien artean, izan ere, hortik aurrera garatu zen programazioa jaietarako oso egoki eta potentea izan zen. 20:30etan Alai bikote musikaria oholtza gainera igo zen bertaratutakoen gorputzak abesti famatuen bitartez alaitzeko eta, bere ostean DJ Txitxoren txande heldu zen, jardunaldia eta jaiak gaueko 1:30tan ixteaz arduratu zen musikaria.

Honela, Mungiako auzo desberdientako jaien hasiera suposatu zuen estreinako jaia bukatu zen. Datorres astetik aurrera, Carmenen ospakizunak atzo San Cristobalek hasitakoari jarraipena emango dio uda osoan zehar garatuko den dinamikari.