Gangureneko tontorretik erreparatuz benetan ikusgarria da lurraldean dauden mahasti handiak ikustea eta, neurri handi batean, hau Pedro Mari eta José Antonio Dañobeitia anaien errua izan dela esan daiteke. Euren lan garrantzitsua txalotzeko eta omentzeko, Lezamako Udalak hilabeteko lehenengo igandean ospatu zen 18. Txakolin Egunean jendetza aurreko ekitaldi bat eskeini zien anai lezamarrei. “Honelako gauzak jasotzea beti da pozgarria. Guk urte askotan zehar egin dugun lanaren emaitza ikusteak eta jendearen miresgarritasun eta errespetua ikusteak asko pozten gaitu”, zioen Pedro Marik emozionatuta. Ekitaldian, Lezamako alkate Jon Ander Aurrekoetxeak oroimen plaka bat eskeini zien esker modura, izan ere, lezamar erretiratuek bizitza osoa eman zuten euren familiak belaunaldietan zehar zaindu, hazi eta hezi zuten kultura sustatzen. “Ia noiz hasi ginen txakoli munduan lanetan? Bizitza osoa. Txikitatik, etxean, gure aitite beti baserrian eta mahastietan lanean ikusi dugu, ondoren aita eta gu haiekin batera”, aitortu zuen Jose Antoniok. Lan horrek fruitu handiak eman zituen; non eta Torreko Lezamako Txakolina upategiak lortu izan duen errekonozimendu handira arte.

Gaur egun, hamar urte lan zelaietatik kanpo eramanda, Dañobeitia anaiek begirada atzera bota eta urte askotan zehar Lezaman eta, orokorrean, Txorierrin bizi izan zen egoera eta panorama oroitzen dute, baita oraingora arteko bitartean egon den lana. “Gu hasi ginenetik asko aldatu da panorama. Lehen baserri bakoitzak bere mahasti txikiak zituzten eta ahal zuen mailan egiten zuen txakolina. Gaur Txakolin Egunean ikusi dezakegunez, hainbat dira gure produktu esanuratsuena produzitzen duten bodegak eta, gainera, kalitate handiko ardoak ditugu gurekin. Oso pozgarria da guretzako hainbeste urteko lanaren emaitza ikustea. Guk hasieran 225 zuhaitz besterik ez genituen eta, negozioa utzi genuenean, erratzen ez banaiz, 30.000tik gora; hau txakolin kulturak izan duen eboluzioaren isla argia da”, adierazi zuen Jose Antoniok.

Anai bien adina aurrera joan ahala, txanda aldaketa beharrezkoa bilakatu zen, baina egoera desberdinak izan zirela eta ez da horrela izan. “Guk gure aitaren eskutik jaso genuen Torreko Txakolina eta berak bere aitaren eskutik. Bizitza osoa eman dugu produktu honen inguruan lanean eta gure oinordekoek beste adar batzuetatik joatea aukeratu dute. Bizitzak eta orokorrean munduko gauza guztiek etapa desberdinak dituzte eta guk gure txakolinero etapa aspaldi bukatu genuen. Orain, hainbat urtetan egindako lanak emandako fruituak bildu eta hauetaz gozatzea da gure lana”, zioen Pedro Marik barre artean. Azken finean, txakolina Lezamako zati garrantzi-tsua den antzera, esan daiteke Dañobeitia anaiak ere beste hainbeste direla.