LAUDIO. Hemen da gazteen artean genero indarkeria prebenitzeko sortutako Aiaraldea eskualdeko Beldur Barik lehiaketaren edizio berri bat. Aurtengoa eskualde honetako seigarren edizioa izango da, eta hamaikagarrena orokorrean. Atzo, urriak 14, asteazkena, txapelketa honen aurkezpena egin zen.

Orozkoko Udaletxeko Bilkura Aretoan egindako ekitaldian, Laia Eskola Aiaraldearen testuinguruan berdintasunaren alde lan egiten duten udalerrietako eta Kuadrillako ordezkariak aritu dira:

Gentza Alamillo, Aiarako alkatea; Josune Irabien eta Ixone Saratxaga, Amurrioko alkatea eta Berdintasun zinegotzia; Joseba Vivanco eta Aintzane Iturribarria, Artziniegako alkatea eta zinegotzia; Loli Muriel, Laudioko Emakume eta Berdintasun zinegotzia; Jon Escuza eta Naiara Otaola, Okondoko alkatea eta Berdintasun zinegotzia; Pedro Mari Intxaurraga eta Idoia Camacho, Orozkoko alkatea eta Berdintasun zinegotzia; Sole Lezameta, Urduñako Gizarte Politikak eta Berdintasun zinegotzia, eta Encina Castresana, Aiarako Kuadrillako presidentea.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Beldur Barik lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jokaeren bidez.

Hiru kategorietan lehiatuko dira parte-hartzaileak: 12 eta 13 urte bitarteko nerabeak, 1. kategorian; 14 eta 19 urte bitartekoak, 2. kategorian; eta, azkenik, 19 eta 25 urte bitarteko gazteak, 3. kategorian.

DBHrik ez duten herrietan, gainera, LHko azken zikloko ikasleek hartuko dute parte, hots, 10 eta 12 urteko haurrek. Kasu honetan, parte-hartzaileek udal berdintasun teknikariei bidali behar dizkiete lanak, posta elektronikoz, edo aurrez aurre entregatu pendrive baten bitartez.

Kategoria bakoitzeko, 150 euroko saria banatuko da. Sari banaketa ere Orozkon izango da, azaroaren 27an, asteazkenean. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 5ean, ostegunean, amaituko da eta, aipatutako kasuan izan ezik, beldurbarik.eus webgunearen bitartez kudeatuko da.