LAUDIO. Laudioko Udalak gardentasuneko plataforma digital berri bat jarri du martxan, herritarrei kontuak modu errazago batean eman ahal izatea ahalbidetuko duena.

Duela urte batzuk jarri zen martxan Gobernu Irekirako Aliantza (Open Government Partnership - OGP), erreferentziazko nazioarteko erakunde gisa, gobernu "irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrenganako sentikorragoak" sustatzeko mekanismoak ebaluatu eta garatzeko. Aliantza horrek Euskadi mundu osoko 20 eskualdeetako bat bezala hautatu zuen Tokiko Gobernuentzako Programan parte hartzeko.

Programa hori garatu ahal izateko, hainbat lantalde sortu ziren, hainbat erronka landu eta garatzeko helburuarekin. Ekintza-plana ezartzeko talde operatiboak dira, 2018-2020 Planean jasotako konpromisoen arabera banatzen dira, eta herritarren parte-hartzea dute. Talde horiek bost konpromiso betetzeko lanean ari dira: kontuak ematea agintaldiko planen bidez; Open Data Euskadi eta Linked Open Data; I-Lab Euskadin herritarrek parte hartzeko; Open Eskola: herritarrentzako eskola irekia eta integritatearen euskal sistema.

UDALERRI AITZINDARIA

Lehen konpromisoaren barruan, agintaldiko planen bidez kontuak emateari buruzkoan, Laudioko Udaleko zenbait ordezkari ari dira parte hartzen dagokion lantaldean; besteak beste, Ander Larrinaga Udal Estrategiako zinegotzia eta Maite Cortazar Herritarrekiko Harremanetarako zinegotzia.

Horrela, Laudio eta Bilbo izango dira doako plataforma digital bat abian jarriko duten Euskadiko lehen udalerriak. Edozein pertsonak eskura dezake plataforma digital hori Gobernu Taldearen 2019-2023 legegintzaldirako aginte-planean ezarritako helburuen betetze-maila ezagutzeko. Era berean, Ander Larrinagak azaldu duenez, tresna berritzaile honek Laudioko Udalaren 2030 Estrategian jasotako Garapen Jasangarriko Helburuak (GIH) garatzen egindako lanaren bidez nola laguntzen ari den jakiteko aukera ematen du.

Informazio- eta gardentasun-tresna baliotsu hori erabili ahal izateko, nahikoa da esteka honetan sartzea eta Laudioko gobernu-plana garatzen den ardatzetan nabigatzea. Ardatz horiek legegintzaldiaren hasieran aurkeztu ziren.