BILBO. II. Emakumeen klasikoa Ugao-Miraballesen ospatuko da larunbat honetan Ugao-Miraballes, Arrigorriaga eta Zeberioko Udalek iaz sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Proban kadete, junior eta elite kategorietako emakumeak hartuko dute parte. Kadeteek 47,5 kilometroko ibilbidea egingo dute eta 09:00etan irtengo dira. Bestalde, junior eta eliteek 11:00etan hasiko dute lasterketa eta 61,2 eta 87,8 kilometro egingo dituzte, hurrenez hurren.

Lasterketa kirolarekin eta genero berdintasunarekin hartutako konpromisoa da, ondorengo helburuak lortzeko sortutako ekimena, alegia: kirola genero ikuspegiarekin sustatzea; kirola prestakuntza tresna eta balioen igorle gisa sustatzea; emakumezko kirolari profesionalak erreferente gisa edukitzea eta instituzioen, erakundeen, boluntarioen eta berdintasunean eta kirolean adituak direnen arteko sareak ehuntzea.

Ugao-Miraballes, Arrigorriaga eta Zeberioko Udaletako berdintasun sailek Ugao- Miraballesko Txirrindulari Elkartearekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatutako ekimen honen xehetasun guztiak gaur eguerdian bertan aurkeztu dira Ugao-Miraballesko pleno aretoan. Bertan, hiru udalerrietako jarduneko alkateez gain Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes), Asier Albizua (Arrigorriaga) eta Karlos Idirin (Zeberio); Ana Maite Fernández, Ugao-Miraballesko Kultura, Berdintasun eta Hezkuntza Saileko jarduneko zinegotzia; Carlos Sergio Achótegui, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendaria eta Izaskun Landaida, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria ere izan dira.

"Emakumeen Klasikoaren" lehenengo edizioa Zeberion egin bazen, Ugao-Miraballesko eta Arrigorriagako udalerrietatik igarota, aurten anfitrioia aldatu egingo da. Gauzak horrela, larunbat honetan, ekainak 1, ospatuko den II Emakumeen Klasikoak Ugao- Miraballes izango du irteera eta helmuga. 2020an Arrigorriagaren txanda izango da.