Gero eta gehiago dira Euskal Autonomi Erkidegoan klima aldaketaren erronketara egokitzeko bidean jarri diren udalerriak. Egungo errealitatea denik ezin liteke ukatu. Eta herri horien artean da Bermeo, Kantauri itsasoak ukitzen duen udalerria. Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana prestatzen hasia da, "klimaren aldaketa arintzeko neurriak jasotzen dituen Klimaren Aldaketa Kudeatzeko Plan Integrala gauzatu aurreko pausoa". Izan ere, klima aldaketak hainbat eragin iango dituela aurreikusten dute, hauen artean itsasoaren mailaren igoera. Eta egoera berri horri egokitu beharra dagoela deritzote adituek.

Besteak beste, aldaketa klimatikoaren ondorioetara egokitzeko planaren helburuak hauxek dira: "klimaren aldaketak Bermeon dituen arriskuak eta eraginak ebaluatzea eta ezagutaraztea, klimaren aldaketaren aurrerapenaren aurrean udalerriak dituen kalteberatasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen-aukerak identifikatzea eta bide-orri bat ezartzea, udal-politikek egokitzapen-beharrak txerta ditzaten". Aurreikuspenen arabera, plana "urte amaierarako eginda "egotea aurreikusten dute udal arduradunek.

Pausoak emanda hasia da iada Bermeo alor zehatz honetan. Adibide argigarria da azkenaldian Tonpoi inguruan egindako lanak. Bertan, natur-ezaugarri bereziei egokitutako plana amaitu berri dute, kostaldeko guneari bere balioak itzularaziz eta tokiko espezieei txokoa eginez. "Klimaren aldaketa errealitatea da, eta Bermeok ere, beste herri guztiek bezala, errealitate horretara egokitu behar du. Datozen belaunaldiei guk hartu genuena baino herri hobea uztea gure betebeharra da, eta lehenbailehen ekin behar diogu aldaketa horri. Klimaren aldaketaren arriskuak eta inpaktuak identifikatu behar ditugu, alternatibak zehaztu eta jarduketa-programa bat egiten hasi", adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Abaroak dioenez, "alarmismo barik, baina helburu argiarekin: guztiongan eragina duen aldaketa hori geldiarazten saiatzea. Horregatik, prozesu honetan udalerriko hainbat eragile inplikatu gura ditugu", jakinarazi du alkateak.

Urte amaierara arte

Egingo duten prozesuari dagokionez, hasierako dokumentua hainbat konturen analisia izango du: besteak beste, Bermeok aukezten dituen arriskuen eta inpaktuen analisia, diagnostikoa eta helburuak eta proposamenak jasoko ditu. Lehen aipatutako atalak gauzatu ostean, "klimaren aldaketara egokitzeko Bermeoko planaren hasierako dokumentua prestatuko da, eta parte-hartze prozesua bultzatuko da bermeotarrak inplikatzeko". Orduantxe izango da herritarren parte hartzerako ordua. Eta planaren hasierako dokumentutik eta parte hartzeko prozesuan jasotako proposamenetatik abiatuta, "Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren behin betiko dokumentua idatziko da". Honen bitartez, etorkizunerako gidalerroak marraztu nahi dituzte eta egin beharrekoak zehaztu.