Inoiz onartutako aurrekonturik handiena izango du Etxebarriako Udalak aurtengoan, ia 1.457.000 eurokoa. Azken urteetan abian izan dituen ekimenak izango dira nagusi, besteak beste baserri guneen egokitzapenean, argiteria eta bideei dagokienez; frontoia eraberritzerakoan; HAPOa zehazterakoan eta etorkizuneko eskola lortzeko pausoak ematerakoan. Azken kapitulo honetan, 500.000 euro inbertituko dituzte, urbanizazio-lanak egin ahal izateko. “Zenbaki potoloa da, jakin badakigu. Baina Eusko JAurlaritzak lanak bere gain hartu baino arinago, guk gure partea egin behar dugu. Eta horretantze ibiliko gara”, azaldu du Jesus Iriondo alkateak.

EAJk eta EH Bilduk baiezkoa eman diote aurrekontuari, iazkoarekin alderatuta 230.000 euro gehiagoizango dituena. “Bizkaiko Foru Aldundiaren Finantzatzeko Foru Funtsetik (Udalkutxa) iaz baino diru gehiago jasoko dugu, eta, bestetik, 2022ko ordenantza fiskalek eragin zuzena izango dute udalaren diru sarreretan”. Horiek dirala eta, “inoiz baino diru gehiago izango dugu, inbertsioak egin ahal izateko eta eguneroko zerbitzuak egonkortzeko”.

“Eskola gune berrira zerbitzuak -argiteria, ur-hoditeria...- guk eraman behar ditugu. Gunea jada diseinatua dago; baina Hezkun-tza sailak bere lanak bete ahal izateko guk aldez aurretik gurea egin behar dugu. Eta Udalean gauden denok argi izan dugu, lehentasunezko lana dela berau”, jakinarazi du. Oraingoz, 180.000 euroko “diru saila gorde dugu aurrekontuetan. Udalaren ekarpenagaz gainera, Leader programaren laguntza eta azpiegituretakoa ere eskola gunearen proiektura bideratuko dituzte, udalaren ekarpena arintzeko”.

Inbertsioak

Egingo diren nbertsioen artean ohikoak izango direla jakinarazi dute. “Besteak beste, azken urteetan egindakoei jarraipena emango diegu. Frontoiko harmailetarako 55.000 euro gorde ditugu aurrekontuan”, baina, horrez gain, Aldundiaren 88.000 euroko laguntza ere izatea espero dute. HAPOari dagokionez, aurten lanak amaitutzat ematea nahiko lukete. “Behin behineko onespena jasotzea espero dugu”, dio Iriondok, “azken urteotan lanean aritu ostean”. Baserri guneek ere urteroko partida izango dute, baita kaleetako konponketek ere. “Guretzako garrantzitsua da erdiguneko kaleak behar bezala konpontzea, eta baita kanda gunean diren baserriei zerbitzu ematea”. Azkenik, “klima aldaketaren erronka globalari erantzuteko” proposamenaz, Udalak 30.000 euro izango ditu aurtengoan. “Plan energetikoa lantzen gabiltza, eta horren arabera erabakiko dugu zeintzuk proiektu egingo ditugun”.