Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia elkarteak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa antolatu dute azaroaren 15erako Euskararen Etxean, Bilbon.
Ekimenaren arduradunek aste honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnatzea izango da ekimenaren helburua aurten ere. Horrela, "Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna" agerian jartzen saiatuko da, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioaren egitaraua 09.45etik 13.00etara izango da, eta lau hitzaldi eta mahai inguru bat izango ditu euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz.
Hasteko, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta lehen pausoak azalduko ditu. Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak laburbilduko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren.
Hirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak 'Adur. Azken Erronka' rol jokoaren garapenari buruz hitz egingo du, mota horretako jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz. Hitzaldiekin bukatzeko, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa izango ditu ardatz bere saioan, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.