Marijesien tradizioa Gernikara itzuli da gaur oso goiz. Gabonen etorrera kantuen bidez iragartzen duen tradizio hau Gernika-Lumoko ohiturarik garrantzitsuenetako eta ospetsuenetako bat da. Bihar, Marijesiak hurbilagotik ezagutu nahi dituztenek, Gernika-Lumon proiektatuko den dokumental bati esker egin ahal izango dute. Marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan dokumentalaren emanaldia bihar izango da, arratsaldeko 19:00etan Gernika-Lumoko Kultur Etxea-Elai Alai aretoan. Sarrera-txartela debaldekoa izango da edukiera bete arte. Dokumental honen bidez, “Gernikako Marijesien tradizioaren iragana eta oraina ondo ezagutu ahal izango duzue”, diote antolakuntzatik. Dokumentalean lekukotasunak jaso dira, eta urteen joan-etorrian puntu bi nabarmentzen dira: “Andrazkoen integrazioa garatu den modua eta azkenean tradizio hau gernikarron identidadearen ikur bihurtu dela”. Gainera, bilduma osoa (dokumentala, audio-diskoa, koplen liburua, zabalkunde liburua) eskuragarri dagoela gogorarazi nahi izan dute; Gernikako Liburudendetan (Gaubeka, Obaba, Berezi, Samaitz), Euskal Souvenirs eta Turismo bulegoan (20 euro).