Eguneroko bizimodua ederki asko astindu zuen moduan, koronabirusak ere hainbat kirol froga bertan behera utzi ditu, bai aire librean ospatzen zirenak eta baita espazio itxi batean egiten zirenak. Hauexetako bat Lekeitioko beteranoen txapelketa da, esku pilotan Trinketean jolazten zena. Aurtengoan ezin izan da burutu, baina Akarregi pilota taldeak urte hasierarako XVI. edizioa martxan jarri nahi du. Hala azaldu dute. “Aurten huts egin dugu osasun egoeragatik”, baina Euskal Herriko txapelketa hau, “bakarra” dena “ezin dugu jarraipenik gabe utzi eta berriro bueltatu gara edizio berri bat martxan jartzeko”.

“40 urtetik gorakoek esku pilotan jokatzeko aukera izango dute”, diotenaren arabera. “Igandero pilota goxoa erabiliz”. Izan ere, lehiatzeaz gain, giro ona sortzea da antolatzaileen jomuga. “Partaidetza eta adiskidetasuna mantentzeko, kanporaketako partiduetan tanteadorak ez da kontutan izaten eta enpatea izan ezkero, partida berria jokatzen da”. Eta beteranoak dira parte hartzen dutenak, “2022an 40 urte betetzen dutenek edo hortik gora dutenek”. Parte hartzeko aukera zabalik da. Parte hartu nahi dutenek Lekeitoko kiroldegian izena eman behar dute, eta urtarrilaren 2a da hain zuzen ere, horretarako azken eguna. “Telefonoz deituta (94 624 30 05) edo WhatsApp bidez ere izena eman daiteke (605 77 54 45)”, adierazi dutenaren arabera.

Euskal Herri mailan

Lehiaketan Euskal Herriko txoko ezberdinetatik datozen pilotariak aritzen dira. Ez dira Lekeitio edo Lea-Artibaiko parte hartzaileak bakarrik trinketean aritzen. “Gure helburua, Euskal Herriko txapelketa izatea da eta bide horretan gehien bat inguruko pelotariak -Ea, Mutriku, Ondarru, Gernika, Markina, Munitibar , Gizaburuaga- izaten dira, baina eskualdetik kanpokoak ere etortzen dira. “Ea Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako jendea animatzen den”, gaineratu dutenez.

Orain arte egindako edizio guztietan lehiaketak arrakasta izan du. Eta horrela mantendu nahi dute, kirola egiteaz gain giro onean. Bada, Akarregi pilota taldekoek nabarmendu duten moduan, iazkoan pilotari kopuru polita izan zuten. “Zortzi bikote aritu ziren zein baino zein 2020. urtean”, Lekeitio, Eibar, Deba, Mallabia, Elgoibar, Berritxu edota Mendarotik etorritakoak. Baita beste pilotari bat Nafarroak Gartzaronetik etorritakoa. “Berriatuara joan zen txapela Eñaut eta Iban Gandiaga anaien eskutik, Martin eta Foster lekittarrak menpe harturik 30-17”. Azkenik, beteranoen txapelketa Akarregi pilota taldearen gidaritzapean egiten dela nabarmendu dute. “Txapelketa Udalaren laguntzagaz antolatzen da, eta helburua, jende nagusiak parte hartzea da”.