Bi urtero behin egiten diren Urdaibaiko Arkeologia jardunaldiak gaur hasiko dira, azaroaren 20an bukatuko direlarik. Tartean, hitzaldiak antolatu dituzte Gernika-Lumon egunero, baita Foruako erromatar herrixkara bisitaldi bat ere. Bere XXV. edizioan Mikel Unzueta Portilla arkeologoari omendaldia egingo diote antolatzaileek. "Estura lotua zuen gure eskualdearekin", antolatzaileek diotenez. "Mikelek Urdaibaiko eta Bizkaiko kultura ondare arkeologikoaren azterketan, kontserbazioan eta hedapenean egindako ekarpenaren errepasoa egingo dugu", adierazi dutenez. Eta Unzueta Portillak lagatako hainbat indusketa guneri errepasoa egingo diote jardunaldien bitartez.

Lehen hitzorduari dagokionez, Elai-Alai Aretoan eskainiko da, J.J. Cepeda Ocamporen eskutik, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Eta Arrolako oppiduma izango du gai nagusi. Kokapenaren garrantzia azpimarratzekoa da: K. a. IV. mendean, eta Kristo ondoko I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Bigarrenez, biharkoan egun berezia izango da, Gernika-Lumoko HHIko ikasleekin partekatuko dutelako solasaldia, Urdaibaiko historiaurrerari errepasoa egingo diotelarik Agiri elkartearen eskutik. Asteakenean Diman kokatzen den Axlorreko aztarnategia izango dute hizpide, Elai Alai aretoan iluntzeko 19:00etik aurrera. Axlorreko indusketa lanetako zuzendari J.E. González Urquijo izango da hizlari.

Bizkaiko beste aztarnategi interesgarri bati egingo diote errepasoa ostegunean, Galdamesen dagoen Arenaza I delakoari, zehazki. Eta Gernika-Lumon izango da indusketan lanen zuzendari J. Fernández Eraso. Ostiralean, azkenik, Santimamiñen egindako lanak izango dira gai nagusi, J.C. López Quintanaren eskutik. Solasaldi biak 19:00etan hasiko dira. Azkenik, larunbatean bisita gidatua antolatu dute, hurbileko Foruko herrixka erromatarrera. Ana Martinez Salcedo bertako zuzendari izandako arkeologoak gidatuko du bisita. Berau goizeko 10:00etan hasiko da.