Lea-Artibaiko eskualdean ospatzen den azoken egutegian egun garrantzitsua da Lekeitioko Santo Tomas jardunaldia, Gabonak ate joka direnean nekazal eta abeltzain ekoizle onenak batzen dituena. Ondarroa eta Markina-Xemeinen egiten diren azoken parekoa da berau. Eta Udaletik jakinarazi dutenez, “pandemia egoeraren ondorioz iazko urtean bertan behera geratu ostean, aurten abenduaren 21ean Santo Tomas azoka berriro ere Lekeition ospatuko da”. Koronabirusaren zifrak hoberantz joateak -nahiz eta pandemia oraindik ez den guztiz garaitu- normaltasuna berreskura-tzearen aldeko pausoa ematea ahalbidetu du. Guztira, 25 postu izango direla zehaztu dute antolatzaileek.

Jada hasiak dira egun handirako lehen prestaketa lanak egiten. Lehendabizi, Lekeitoko Independentzia plazan postuak jarri nahi dituztenen arteko hautaketa lanetan. Datoen egunotan zabalduko dute izena emateko epea. Hala, beraz, posible izango da landa guneko, hurbileko eta kalitatezko prodkturik onenak itsaso alboan erostea. “Iazko urtean izandako osasun egoerak azoka bertan behera uztera derrigortu zuen, aurten aldiz egoerak hobera egin du eta abenduaren 21ean nekazari eta abeltzainen produktuak eskuratu ahalko dira plazan”, azaldu dutenaren arabera.

Kalitatezko produktuan salmenta zuzenaren bitartez eskaintzea da azokaren jomuga nagusia. Eta beste hirigune batzuetan ematen den masifikazio-eredutik aldantzea ere posible da Lekeitioko Santo Tomas azokan. Udalak baieztatzen duenea, “azoka honetan kalitatezko produktuak ikusi ahal izaten dira, besteak beste, ortuariak, esnekiak, ogia, txerrikiak, ahatekiak, kontserbak edota eztia aurkitu ditzakegu”. Produktu freskoak eta sortu berriak izaten dira, kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak eta zuzenean ekoizten duen pertsona bera izaten da saltzen duena”. Eskualdeko ekoizleek presentzia handia izaten dute, bertoko produktuen erakuslehio delarik.

Ekoizleen lana sustatu

Bestetik, beste helburu bat ere badu Lekeitoko Santo Tomas egunak. Hala diote Udaletik. “Santo Tomas azokaren helburu nagusia Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta, aldi berean, haien produktuak erakustera ematea” da. Aukera paregabea izaten da erosketak egin ahal izateko.

Tradizio handiko azoka da. Izan ere, Lekeitioko Santo Tomas azoka 1988an berreskuratu zen, urte askotan egin gabe egon ostean, errekuperaturako jardunaldia da. Iazkoan, lehen aldiz ez zen ospatu, antola-tzaileek ez antolatzea adostu zuten, “jende pilaketak sahiesteko eta denon ongizatea bermatzeko”. Kontutan izan behar da “azokan jende asko biltzen dela urtero, lekittarrez gaineskualdeko jende asko etortzen da egun horretan”. Aurtengo honetan 25 postu egongo direla aurreratu dute, “eta txosna hauetan produktuak saldu ahal izateko ezinbestekoa izango da hurrengo astean zabalduko den deialdian parte hartzea. Izen ematea azaroaren 2tik 15era egin ahalko da Lekeitioko udaleko bulego orokorretan edo udala@lekeitio.eus helbidera idatziz. Informazio guztia eta oinarriak lekeitio.eus orrialdean aurkitu ahalko dira”, azaldu dutenez.