Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxea goi mailako hezkuntza arloan erreferente bat da eskualdean eta eskualdetik at. Urtetik urtera bere zerbitzuak sendotu eta hobetzeko lanean dihardu eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketako hezkuntza eskaintzaz gain, Lea Artibai Ikastetxeak Lanerako Prestakuntzara bideratutako eskaintza zabala dauka.

11.000 ordu baino gehiago, ia 2.000 ikasle, langabetuei zuzendutako 42 ikastaro eta lanean daudenentzako 100 ikastarotik gorako eskaintzarekin, Lea Artibai Ikastetxea Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mailan kokatzen da. 2020-2022 epealdirako Lanbideko deialdiaren ebazpenak, lehenengo postuan kokatu zuen iaz Ikastetxea. Ikastaroak emateko Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen dirulaguntzen esleipena puntuazio bidez egiten da: ematen diren ordu kopuruak, laneratze datuak, ikastaroak bere osotasunean burutzen dituzten ikasleen portzentajea bezalako datuak hartzen dira kontutan. Lea Artibai Ikastetxeak lehen postua lortu du puntuazio horretan eta bere atzetik, Gasteizko Egibide ikastetxea kokatzen da (Arabako Lanbide Heziketako itunpeko sare handia, 5 kanpus eta 4.000 ikasle eta 450 ikaslerekin).

Lea Artibai Ikastetxeak Orientazio eta Bitartekaritza zerbitzuen bitartez 2.600 pertsonari eman dio zerbitzua 20-21 ikasturtean. Laneratze datuei dagokionez, Lanbide Heziketako bigarren maila bukatu duten ikasleen %38k ikasketekin jarraitzea erabaki du eta gainerako ikasleen %80a inguru laneratu da, gehiengoa lanpostu kualitatiboetan gainera (hau da, ikasitakoarekin lotura duten lanpostuetan).

Lea-Artibai bezalako eskualde txiki batean kokatutako hezkuntza zentro honek eskaintzen dituen datuak esanguratsuak dira, eta honen arrakasta ingurua eta enpresa-ehunaren beharrizanen ezagutzan datza. Elkarlanean oinarritutako eta inguruarekin errotutako hezkuntza sistema bateri esker lortzen diren datuak.

Berrikuntza, inbertsioak eta azpiegiturak

Ikastetxeak azken urtean 710.967,56 euroko inbertsioa egin du azpiegitura eta makinaria ezberdinetan. Berrikuntza oinarri hartuta eta ikasleek egun enpresetan erabiltzen diren azpiegiturak eskura izan ditzaten, hainbat makina eta tresna berrirekin egin da ikastetxea. Hala nola, 3D metalezko inprimagailu bat eta bioinprimagailu bat, CNC torno berria, laborategirako neurketa tresna berritzaileak, ISO 7 gela garbirako hotz sistema berria, konpositeentzako labe berria€ Inbertsio guzti honek, Lanbide Heziketako ziklo ezberdinen eskaintza hobetzera bideratuta daude. Izan ere, berrikuntza eta gaurkotasuna ezinbestekoak dira hezkuntza sistema egoki baterako.

2020-2021 ikasturtean Berrikuntza elkarlan proiektu berezi bi landu dira Elikagaien eta Materialen esparruan, "4.0 elikadura pandemia garaietarako" eta "4.0 industriarako tresnen 3D inprimaketa", hurrenez hurren. Lehenengoan, biozientzien esparruan kokatuta, Ekonomia Zirkularraren printzipioei jarraituz eta elikadura osasungarri eta jasangarrian oinarrituta, elikagai funtzionalak garatzeko proiektua landu da. Eta bigarrenean, fabrikazio aditiboaren esparruan, injekzio moldeen eta bero-estanpaziorako trokelen azterketa egin da, forjaketarako erreminta berriak landuz. Proiektu hauek aurrera eramateko ikasleek Don Bosco eta Leioako Hostalaritza Eskolarekin batera landu dute elikadura proiektua, eta Txorierri, Mondragon Eskola Politeknikoa, Goierri eta Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegiarekin materialen esparruko proiektua.

Lea Artibai Ikastetxeak tinko jarraitzen du eskualdearen eta lurraldearen etorkizunaren alde lan egiten; inguruko enpresa-ehunarekin elkarlanean, beraien beharrak ezagutu eta erantzun bat emanez, ikasleak profesionalizatu eta lan-mundura bideratzeko formakuntza eta praktikaldiak eskaintzen. Gure eskualdea, gure etorkizuna delako.