Lekeitioko Udalak eta Lekitto Musika Bandak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute aste honetan. Honen bidez, Udalak 31.200 euroko diru-laguntza emango dio urtero erakundeak "musika ekintzak egiten jarraitu ahal izateko. Musikak gure bizitzetan duen garrantzia oso handia" delako hartu dute erabakia, eta baita Lekitto Musika Banda beharrezkoa delako udalerriko jaiegunak girotzeko.

"Lekeition zorionekoak gara urteetan zehar kontzertuak eta kalejirak eskini dizkigun musika banda izateaz", adierazi dute Lekeitioko Udaleko arduradunek. Eta horren jakitun dira, zeren bandaren lana saritzeaz gain, "hurrengo urteetan zehar elkarlana sustatzeko asmotan dira". Horren bidez, bere ekintzak aurrera eramateko 31.200 euroko diru-laguntza emango zaio, "musika saioak egiten jarraitu ahal izateko".

Urtean zehar "hainbat kontzertu eta kalejira egiten ditu" Lekitto Musika Bandak. Adibidez, udaberrian, San Antolin jaietan, San Pedro jaietan edota udako programazio berezian emanaldiak eskaintzen dituzte. Eta mende erdi beteta duen erakundea izanik -2017an bete zuten bere urteurrena-, hainbat dira bandari lotutako musikari lekeitiarrak, izan ere urteak daramatza musikarako grina herrian bertan garatzen. Urtzi Iriondo da zuzendari, 2006an hartu duelarik kargua.

Baina, zoritxarrez, bizi dugun osasun egoerak baldintzatuta, "momentu honetan entseguak ezin eginda dabiltza, baina hala ere Lekeitioko Udalak bere babesa erakutsi nahi dio bandari eta hurrengo hilabeteetan, osasun egoerak hobera egin ahala, bere funtzionamendua normalizatu eta musika ekintzak egiteko aukera izatea espero du".