Hainbat kreditu aldaketa onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak martxoaren 29ko ospatutako Osoko Bilkuran. Tartean, Markina-Xemeinen hainbat inbertsio gauzatzera bideratuko diren bi kreditu aldaketa onartu dira, “753.597,93 euroko balioarekin”. Udaleko arduradunen arabera, “diruzaintza geldikin orokorra erabiliko da gastu hauek aurrera eramateko”.

Inbertsioen alorren hainbat izango dira hobekuntza-lanak. Bada, bide eta urbanizazioei dagokienez, Iruzubieta auzoko proiektuaren azken zatiari dagozkion lanak aipatu behar dira, bideko zuloak estali eta horma atzeratzeko. Lan hauetan 101.684,80 euro bideratuko dituzte. “Horrez gain, Erdotzan, Bidaurreta aldean, baso pista zolatzeko lanak (84.367,86 euro) eta Abesua kaleko asfaltatzea eta Murga parean jarriko den zebrabide berria (17.050,59 euro)” egingo du Markina-Xemeingo Udalak.

Azpiegituren alorrean, Plazabarripeko estalkia eta fatxada berrira bideratuko dira 109.828,91 euro. Izan ere, eraikinaren estalkia oso baldintza txarretan dago gaur egun. Zelaian zinburu berriak eta kautxoa jartzeko beste 72.600 euro aurreikusi dira. Ur-hornikuntzei dagokienez, Goierri auzoko ur-hornikuntza sarea handituko da (63.376,79 euroko kostuarekin) eta trafiko eta bide seinalizazioaren esparruan, Bizikleta Ibilbideen 2. Fasea (41.158,15 euro) ekingo zaio eta Erdotza kalean zehar jarriko diren zebrabideetako argiak (6.776 euro) nabarmentzen dira.

Ostalaritzaren alorrean, terrazentzako diru-laguntzak areagotu egin dira, 35.000 euro arte, eta segurtasun arloko partida nagusia frontoiko autobabes planaren egokitzapen-lanari dagokio(24.200 euro). Azkenik, beheko Mojen eta Aldaolako parkeetan argiteria jartzera 17.467,06 euro bideratuko dira, eta irisgarritasunaren esparruan, Esperantza eraikinerako igogailuaren proiektua da aipagarriena (12.644,50 eurorekin).