- Udalerriko guneak oinezkoentzako erosoago egiteko plangintzarekin jarraituko du Gernika-Lumoko Udalak. Herriguneko hainbat gunetan lanak egin ostean, datorren astean ekingo diote San Juan kalea egokitzeko lanen lehen faseari. Jose Maria Gorroño alkatearen esanetan, “oinezkoentzako herri atsegin eta eroso bat mantentzeko asmoz” egingo dira lanak, hiru hilabeteetan amaitu-tzat emango direnak. Horrela, ekainerako irisgarritasun hobekuntzak estreinatzeko aukera izango dute gernikarrek. orduantxe izango da oinezkoen-tzako lehentasunezko gune. Inbertsioa ere garrantzitsua izango da, zeren jarduera honen aurrekontua “282.525,33 eurokoa izango da”.

“Udalerriko kaleak eta plazak hobetzeko planarekin jarraitzen” dutela zehaztu dute Udaleko bozeramaileek. Andra Mari eta Barrenkale kaleen inguruaren urbanizazioa amaitu eta Don Telloko irisgarritasuna hobetu ondoren, orain San Juan kalearen txanda da. Izan ere, Gernika-Lumoko erdigunean zein inguruko auzuneetan irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egin izan dituzte azken urteotan. “Horrela, datorren asteartean hasiko dira udalerriko arteria nagusietako bat berriro urbanizatzeko lanak, bertatik dabiltzan oinezkoen eta ibilgailuen fluxua handia baita”, azaldu dutenaren arabera. Horretarako orain dela zenbait hilabete semaforizazio berria ezarri zen.

Bada, guztira 2.082 metro koadroko azalera duen Ocho de Enero eta Don Tello kaleen arteko tarteari eragingo dio jarduketak, gunea guztiz birmoldatuz. “Ocho de Enero kaletik San Juan Ibarra plazaranzko bidegurutzean, errodadura-eremua goratuko da, espaloiaren mailan kokatu arte, eta, amaitzeko, asfalto inprimatu bat egingo da galtzada-harrizko zoladura imitatuz”, diotenez. Horrela, “pasabide hori oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtuko da, eta, gainera, ibilbidearen desnibelak ezabatuko dira, merkatuaren eta San Juan Ibarra plazaren arteko irisgarritasun-baldintzak hobetuz eta Fernando Abaunza, Elvira Iturri eta Domingo Bernaola kaleekin multzo bat sortuz”, Gorroñoren esanetan.

Era berean, bidegurutze horretan bertan, “espaloien zabalerak aldatu egingo dira oinezkoentzako pasabideak dauden eremuetan, baita biratzeko erradioak ere, autobusak errazago igaro daitezen”. San Juan kaleko zeharkako sekzioa ere aldatuko da, eta espaloiak zabalduko dira kalearen bi aldeetan. Inguru horretan “desgaitasuna duten pertsonentzako aparkaleku-plaza bat eta motorrentzako gune bat jarriko dira, eta lehendik dagoen edukiontzietarako mugatutako eremu bat errespetatuko da, bai eta zamalanetarako eremu bat ere. Lanak amaitzeko, dagoen argiztapena berritu egingo da”, Udaleren esanetan.