Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu berri du Bermeon kokatutako Conservas Ormaza fabrika. Ruperto Ormazak sortu zuen eraikina 1923an, eta ondoren, 1941ean, haren seme Antonio Ormazak hartu zuen enpresaren ardura. Hain justu, orduantxe egin zuen gaur egungo eraikina Pedro Ispizua arkitektoak. Monumentuaren kategorian, Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratu du Lakuako Gobernuak, eta azken onarpena iragan den abenduan ospatutako Gobernu kontseiluak eman zion.

Babes berezia izango du, beraz kontserba fabrikak etorkizunari begira. Izan ere, Bermeoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinarazoena eman zaio, "prozedurak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera". Hau da, Conservas Ormaza fabrikan ezin izango da beste proiekturik egin, eraikina kontserbatzen ez bada. Orain dela zenbait urte proiektu bat egin zuen Bermeoko Udalak, eraikina kontserben museo modura eralda-tzeko. Krisialdi ekonomikoak, hala ere, ez zituen BermeokoUdalaren aurreikuspenak betetzeko aukerarik eman.

Bada, Kultura sailak egindako adierazpenak eraikina dagoen moduan uztea ekarriko du. "Proposatutako mugaketaren arrazoia da Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrikaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko", Eusko Jaularitzaren espedienteak zehaztutakoaren arabera. Askatasun bidea kalean kokatutako eraikina -irteera baduena Erreñezubi kalera ere, iparralderako norantzean- Pedro Ispizua Susunaga arkitekto bermeotarraren lana da. Eraikinak "programa mistoa dauka (industria eta bizitokia), eta horrek ekonomia familiarraren izaera nabarmentzen du. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zenaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari dagokion bolumen erantsiak multzo bat osatzen dute, eta multzo horrek hegoaldera ematen du, orain Askatasun Bidea deitzen den kalerantz". Nabea beste bi bolumenen atzealdeko fatxadari zegoen atxikita, "eta orubearen amaieraraino heltzen zen. Gaur egun, nabea bota egin denez, leku asko geratu da hutsik orubean".

Eraikina ezaguna da Bermeon, bere itxura bereziarengatik. "Fatxada konkaboa dauka, eta dorre batek errematatzen du. Dorre hori ur-biltegia da, eta, aldi berean, oinplanoa artikulatzen du; horren oinarrian, berriz, sustatzailearen izena ageri da. Fatxadako baoen funtzionaltasunak kontraste egiten du dorre formako errematearen monumentaltasunarekin", espedienteak zehazten duenez. "Bestalde, industria-eranskina bizitokiari atxikita dago, laukizuzen etzanaren formako bi solairuko bolumen zuzen baten bidez".

Aipagarriak

Espedienteak lau kontu izan ditu aipagarri. Lehendabizi, "arkitektura-lerro arrazionalistak eta funtzionalak, elementu ikonografikoak eta nolabaiteko monumentaltasuna uztartzen dituztenak. Bigarrenez, "sinpletasuna eta lotura funtzionala, familia-enpresa tradizionalaren eskemari erantzuten diona, egoitza- eta industria-programa mistoa erabilita". Hirugarrenez, izkinako konfigurazioa. Azkenik, erabilitako materialak ere ditu hizpide espedienteak: "Adreilua, lehen industria-iraultzaren garaia gogorarazten duena; eta hormigoia, material modernoa".

Historia. Espedienteak zehazten duenez, Ruperto Ormazak sortu zuen eraikina 1923an, "eta ondoren, 1941ean, haren seme Antonio Ormazak hartu zuen

enpresaren ardura. Hain justu, orduantxe egin zuen gaur egungo eraikina Pedro Ispizua arkitektoak".

Babesa. Eusko Jaurlaritzak Bermeoko Conservas Ormaza fabrika, monumentuaren kategorian sartu berri du, 'Babes Bereziko Kultura Ondasun' de klaratuta.

Arkitekto berezia izan zen Ispizua bermeotarra, 1895eko apirilaren 29an jaioa eta Bilbon 1976ko urtarrilaren 10an hildakoa, "XX. mendeko euskal Arkitekturaren panoramako pertsonarik erakargarrienetakoa" zena.