BERMEO. Bermeoko Udalak kontzientzia sortzailearen figura berreskuratuko du 30 urtetik beherako bi pertsona kontratatuz. Udal langile hauen lana herritarrekin kontzientzia lantzea da, hauen elkarbizitza hobetzeko. Sortutako bi lanpostu berriek jardunaldi osoko 8 hilabeterako kontratua izango dute.

Lanpostuaren eskaera egiteko hainbat baldintza bete beharko dira. Alde batetik, 30 urte baino gutxiago izatea eta euskaraz ondo moldatzea. Ez da inolako titulaziorik eskatuko baina ahozko maila altua izan beharko da. Bestetik, D.B.H.-ko ikasketak bukatuta izan beharko ditu hautagaiak eta, gainera, langabezian egon beharko da.

Bermeoko Udala kezkatuta dago gazteen langabezia mailarekin. Izan ere, 30 urtetik beherako herritarren %13a langabezian dago. Gainera, bizi dugun pandemiak egoera okertu du. Hau dela eta, kolektibo honi bideratutako programak sustatzea erabaki du udal gobernuak, eta kasu honetan, bi lanpostu hauek sortzea erabaki da hain zuzen ere. Eskabidea egiteko azken eguna azaroaren 18a izango da eta Behargintzan egin beharko da.

AURREKOEN LANA OSATUZ

Kontratatuko diren bi kontzientzia sortzaileek urtarrilean 5 hilabeteetarako kontratatu zirenen lana jarraituko dute. Aurrekoek Bermeoko garbitasunarekiko kontzientziazioa landu zuten batez ere. Berriek ere lan hori jorratuko dute, baina beren lanerako esparrua handitu egingo da, herritarren arteko elkarbizitzari orokorrean garrantzia emanez. Beraz, aurreko esperientzia ona izan zela ikusita, berriz egitea erabaki da.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du: "kontratazio berri hauei esker langabeziak zuzenean kalteturiko kolektibo bati laneratzeko aukera berriak emateaz gain, gure herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko beste pausu bat emango dugu. Legealdi hasierako helburua zen elkarbizitza hobetzeko asmotan, herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio kanpainak abian jartzea eta, urtarrilean proba pilotu modura egin genuenaren emaitza onak ikusita, beste bi pertsona kontratatzea pentsatu dugu. Uste dugu honelako ekimenek emaitza onak ekartzen dituztela denon esku baitago herri garbi, atsegin eta hobe bat lortzea."