Sei hilabeteko lanen ondoren, Bermeoko lonja handitzeko obrak maiatu berri ditu Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak. Herriko arrain-sektorearen mesederako hobekuntza, eraikinak 800 metro koadro berri izango du etorkizunerako, eta bertan kokatu ahal izango da izotz-fabrika. “Guztizko azalera eraikiak 2.413,65 metro koadro zituen lehen eta 3.284,24 metro koadro orain”, Lakuatik adierazitakoaren arabera. Lanen aurrekontua milioi bat ingurukoa izan dela gogoratu dute.

“Handitzeko lanek errespetatu egin dute lehengo eraikina. Hortaz, arkitekturari dagokionez, bat egiten dute lehendik zegoena eta orain eraikitakoa. Modulu berriak hartuko du izotz-fabrika, eta lehendik zeudenei lotuta dago komunikazio-ardatz baten bitartez. Horrek aukera ematen du arraina saltzeko ere erabiltzeko, aparteko harrapaketen kasuan”, Eusko Jaurlaritzatik azaldu duten moduan.

Hiru helburu izan ditu portuko eraikinaren hobekuntzak: “Batetik, bete egin behar ziren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eskakizun higieniko/sanitarioak -arrainen kaxak eta tinak biltegiratzeari buruzkoak--, eta behar bezala erantzun behar zitzaien lonjaren funtziotik eratorritako eskariei (arrainaren enkantea)”. Bestalde, eraikina handitzean, gerora barruan hartuko den izotz-fabrika eraikitzeko aukera eman behar zen, “siloa, ontziak eta kamioiak egokiro hornitzeko. Eta, azkenik, inguratzailea eta instalazioak egoki-tzeko beharra ikusten zen, Europako zuzentarauetatik eratorritako energia-aurrezpen eskakizunetara (UE/31/2010) baita Estatukoetara ere (CTE/RITE)”.

Eusko Jaurlaritzako arduradunek zenbait alternatiba izan zituzten eskutartean Bermeoko arrain lonja handitzerako orduan. Baina bakarra aukeratu zute. “Lehendik zegoen eraikinari modulu bat eranstea erabaki zen, haren geometria errepikatuta. Horrela, hiru espazio modulagarri lortu dira beheko solairuan. Eraikitako gune modulu berria biltegirako erabiliko da, “eta izotz-fabrika bertan kokatzeko, beheko solairuan”, diotenez. Arraina saltzeko ere erabili ahal izango litzateke, harrapaketak apartekoak direnean, kontuan hartuta hiru moduluak komunikazio-ardatz batek lotu dituela, kaxak, izotza eta arraina garraiatzen diren labarraren ondoan. “Gainera, bao bat dago aurreikusita, karga-jasogailu bat instalatu ahal izateko, baldin eta lehenengo solairua gerora handituko balitz”.

arrantza sektoreari mesede

Lonjaren handitzeak mesede egingo dio Bermeoko arrantza-sektoreari, azken urteetan zuen gabezia bati amaiera emanez. “Izotz-fabrika kokaleku berrira aldatzean, Bermeoko arrantza-sektoreak, 24 on-tzik eta 130 arrantzalek osatuak (batik bat berdela amuarekin eta hegaluzea harrapatzen dituzte), espazio berri bat izango du kofradiarako ontziak biltegiratu eta garbitzeko. Hori guztia onuragarria da arrantzaleen udalerriaren garapen integralerako”, azaldutakoaren arabera. Bestetik, izotz-fabrika zegoen gunea irabaziko du portuak, beste erabilera batzuetarako izango dena. Izan ere Portuzarra eta Martillo moilaren tartean, oraindik defini-tzeke dagoen beste zeregin baterako erabili ahal izango da eraikin zaharra etorlizunean. Litekeena da Bermeoko arraun kluba eta Guru-tze Gorria, egun beste aldean daudenak, bertara pasatzea.