2020 urtea azken hamarkado ezohikoena izaten ari dela esan daiteke, batez ere covid-19 birusak eragindako mundu mailako izurriteak izan dituen ondorioengatik. Arlo desberdinetan, oso eragin bortitzak izan ditu koronabirusak; esate baterako, biztanlerian, egon diren heriotza ugariak direla medio, ekonomian edota kirol alorrean. Nahiz eta lehenengo begirada batez ez dirudien, naturan ere oso urte arraroa izaten ari da 2020a, izan ere, Urdaibai Bird Center-eko begiralekuetatik mugimendu desberdinak erreparatu dituzte bertoko adituek. Aste honetan, martitzenean zehazki, flamenko larrosa bikote bat heganean ikusi ziren bertoko paduren gainetik, Gautegiz Arteagako Kanala auzo inguruan, hain zuzen ere. 2012 urtean bere ateak zabaldu zituenetik, beatokiko kideek estreinako aldiz ikusi zuten hegazti mota honen presentzia. "Kontuan izanda flamenko larrosek itsaso mediterraneo ingurutik egin ohi dutela migrazioa urteko garai honetan, batez ere Tunisia eta Algeria bezalako herrialdeetatik, oso arraroa da Urdaibai aldetik ikustea honelakoak, are gehiago bikote bat", azaldu zuen Jose Mari Unamunok, Urdaibai Bird Centereko zuzendariak.

Flamenko bikotearen irudia. Urdaibai Bird Center

Oraindik, adituek ez dakite zein arrazoiek eraman izan zitzakeen bi flamenkoak Bizkaiako kostaldera. Hala ere, beatokiko langileak zenbait hipotesi jartzen ari dira mahai gainean: "Izan daiteke Alemania edo Holanda kokatutako zonaldeko parke bateko bilduma batetik ihes egin izatea hegazti bikoteak, baina oso arraroa izaten da bakar bat atera eta hain urrun heltzea, are gehiago bikote bat izatea. Beste aukera bat, Euskal Herriko klima azken urteetan bizitzen ari den klima aldaketaren ondorio bat izatea hau da, izan ere, azken urteetako iraila eta, orokorrean, uda bukaera eta udazken hasiera ohikoak baino epelagoak izaten ari dira. Kontuan izanda flamenko larrosen joera eskualde bero eta gazietara mugitzea dela, kontuan hartzeko moduko aukera bat izan daiteke hau".

Unamunoren arabera, azken urteetan hainbat dira Urdaibaiko Biosfera Erreserba ingurura heltzen diren hegazti afrikarrak, esate baterako beltzaranak. Europako ekialdeak ere oso lekukotza nabarmena izan du azken urteotan, horrenbestez, oso berezia izaten ari da Bird Centereko aktibitatea.

iraileko mugimendua

Urtero, Urdaibaiko ornitologia eta naturaren azterketarako zentro honek oso mugimendu garrantzitsua izan ohi du udaldia osatzen duten hilabeteetan, izan ere, hegaztien gora-beherakoetaz gain, bisitarien fluxua ere modu nabarmenean areagotzen da. Iraila, ordea, hilabete lasaiagoa izaten da, izan ere, Unamunoren esanetan, komenigarria da ekaitzak egotea, horrela gehiago direlako Urdaibai ingurura hurbiltzen diren espezieak. Aurten, ordea, antizikloi edo goi-presioko aire gehiago izaten ari dira. Hala ere, hain ezohikoa izaten ari den 2020 urte honetako irailean, ekaitzik egon ez arren, oso aktibitate handia somatu da bertoko begiralekuetan. Antza, orain dela aste batzuk 80 mokozabalek osatutako talde bat ailegatu zen eskualdeko paduretara. Gainera, beste hainbat lohietako espezie hurbildu dira gune honetara, horregatik, esan daiteke so irail mugitua izaten ari dela hau. Arrano arrantzaleak oraindik ere Kanala ingurutik dabiltza, Unamunoren arabera, eta, bestalde, txantxaongorri ugari ere ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek.

konfinamenduko zuzenekoak

Lehen aipatu bezala, ezohikoak izan diren hainbat aspektu izan ditu 2020 urteak, gertakari nabarmenen zerrendan lehentariko postua konfinamenduak izanda. Covid-19a dela eta, euskal biztanleriak etxean bi hilabeteko berrogeialdia izan zuen eta, egonaldi luze hau arintzeko asmotan, Urdibai Bird Centereko kideek bertoko aktibitatea etxetik, interneten bidez eta zuzenean erreparatzeko aukera ahalbidetu zuten. Modu honetan, etxeko berotasunetik eta egunerokotasun luze eta errepikakorretik ateratzeko sarearen bidezko modua eskaini zuten beatokiko adituek, zentroaren webgunearen bitartez. Asko izan ziren baliabide hau entretenimendu erara erabili zuten bizkaitarrak, kasu askotan, txoriek egiten dituzten soinuak lasaitasun une bat izateko erabilita aukera berri hau.