BAKIO. Bakiok BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak abiarazitako 'Artearen Ibilbidea' erakusketa ibiltaria jasoko du hurrengo astelehenera arte, abuztuak 24. Bentako Plazan egongo da kokatuta. Ekimen honi esker, ikusgai izango dira museoaren bildumako maisulanetan oinarritutako dibulgazio artistikorako proposamenak.

"BBK Artearen Ibilbidea" erakusketa ibiltaria da. Asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar, kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioen bidez, xehetasunen zehaztasun harrigarria eta kolorearen fideltasun handia lortuz. Horrekin batera, 40 lanetatik 24 QR kodeekin aberastuko dira, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta, 6 lanek haurrentzako propio diseinatutako kontakizun bat izango dute.

"BBK Artearen Ibilbidea"ren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera hurbiltzea da. Horrela, jendeak gozatu eta jabetu ahal izango du pinakotekaren ondare komun aberatsaz, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako maisu handien obra seinalatuen bidez, eta, gainera, haren ezagutzan sakondu ahal izango du, teknologiari esker.

Erreproduzitutako 40 lanen aukeraketan, XIII. mendetik XX. mendera arteko artista ezagunak egongo dira.

PROIEKTU ETA PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

Proiektua Museoko Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du, eta obren inguruko iruzkinak egin ditu. Hezkuntza eta Kultura Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak proposamen didaktikoa garatu dute, eta bertan, hezkuntzako langileek publikoaren galderak orientatu eta erantzungo dituzte bisita dinamizatuetan (eguaztenetik domekara, 17:00etatik 20:00etara).

Jarduera agintaritza eskudunak ezarritako osasun-neurriei jarraituz gauzatuko da, eta taldeko gehienez 8 pertsonako edukierarekin.