- Busturialdeko turismo sektoreak jakin badaki datozen hilabeteak funtsezkoak izango direla sektoreari behar duen aupada emateko. Baita atzerritarrak baino, hurbileko bisitariak erakartzea izango dela gako nagusienetakoa. Hori dela eta, eskualdeko Urremendi landa garapen elkarteak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatoak indarrak batu dituzte, turismo aktibo eta jasangarria hauspotzeko. Uztailean eta abuztuan zehar Bizi & Visit Urdaibai izenburupeko ekimena garatuko dute, "jarduera eta bisita gidatuak astelehenetik ostiralera" eskainiz.

Bisitariak erakartzea dute jomuga, baina ez edonola. Argiro azaldu dute "Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba bakarra". Ez dela leku "masifikatua edo turista asko biltzen dituena", salbuespenak salbuespen. Eta etorkizun hurbilenean bide horretatik jarraitzeko apostua egin nahi dute. Bizi & Visit Urdaibai programan proposatutako bisita eta jarduera guztiak "balio eta edertasun natural handiko ingurunean egiten dira", uztailetik aurrera eskainiko direnak talde zein norbanakoei. Surf eskolak, turismo aktiboa -zaldi zein oinezko txangoak, piraguak, hegaztienbehaketa, e-bike deritzenen bitartezko bisitak...-, museoak edota ondare historikoa dituzte abiapuntutzat. Kokalekuak eta garraio publikoaren sareak ere mesedegarri ditu Busturialdeak. "Jarduera eta zerbitzu eskaintza zabal honek eta Urdaibai eta Bilbo ondo komunikatuta egoteak, bai trenez, bai autobusez, bai errepidez, baliteke uda honetan euskal kostaldeko eremu hau helmuga turistiko desiratuenetako eta erreferen-tziazkoenetako bat izatea". Bada, udan zehar lidergotza hori eskuratzeko prest agertu dira.

Ekimenaren antolatzaileek aurreratu dutenez, "txangozaleek aldez aurretik planifikatu ahal izango dute beren bisita, eta nahi duten jardueran edo bisitan bere lekua erreserbatu, programazio eta eskaintza zabal baten barruan". Urdaibai inguruko bisitak mota "desberdinetakoak izango dira eta jarduera ugari izango dira. Jarduera guzti horiek hileko agenda batean argitaratuko dira, eta ekainaren 26tik aurrera eskuragarri egongo dira". Internet bidez egin ahal izango dira erreserbak, "turismourdaibai.com/ms mikrosite berrian edo Urdaibaiko Turismoaren webgunean bertan (www.turismourdaibai.com)", diotenez. Oraindik zehazteke dauden arren, bisitariek eskuragarri izangp dituzten proposamenak datozen egunotan emango dituzte aditzera.

Bi helburu ditu programak: "Alde batetik, bisitariari edukien agenda zabala eskaintzea eta bisita aldez aurretik ziurtatzea, jarduera bakoi-tza egingo dela bermatzeaz gain, taldea txikia bada ere". Eta bestetik, "uda ezezagun baten aurrean eta covid-19ren krisiaren ondorioz konfinatuta hilabete batzuk igaro ondoren", tokiko turismo enpresei bultzada eman nahi diete. Bizi & Visiti Urdaibaik, bada, eskualdean turismoa jorratzen duten enpresen "jarduera zabaltzeko eta susta-tzeko" baliagarria izango da, "eta beren zerbitzuak saltzeko bide berriak antolatzeko haiekin lankidetzan aritzeko aukera ematen du".

Busturialdeko hainbat erakunde publikok "turismo jasangarriaren alde" egiten jarraitu nahi dute, bide batez ere Busturialdean diharduten turismo enpresei "laguntza eta bultzada emanez". Izan ere, iazkoan Turismo Iraunkorraren Europako Gutunari (TIEG) atxikitzeko bideari ekin zioten, "Euskadiko lehen gune babestua den aldetik". Europa mailako akreditazioa da berau, Europarc federazioak ematen duena, eta "lurralde batean turismoaren garapenean inplikatutako eragileen arteko borondatezko konpromiso eta akordioan" oinarritzen da, turismo jasangarriaren aldeko tokiko ekintza-plana eta estrategia" gauza-tu ahal izateko.

Baliabideak

Bizkaiko Turismoaren Behatokiaren iazko datuen arabera, hiru dira Urdaibaik dituen turismo baliabide nagusiak: Gaztelugatxeko San Juan -Bilbo handiaz gain bisitari gehien jaso zituenak-, Gernikako Juntetxea eta Biosfera Erreserba bera. Atzetik ziren Omako basoa, Mundaka edo Bermeo.

Hurbilekoak

Turisten profilari buruz egindako galdeketetan, gehiengo dira Estatutik Busturialdera heltzen diren bisitariak. Hamarretik zazpi dira Estatutik etorritakoak; beste hiruak dira atzerritarrak.