- Azken asteotan zabalik izan dituzten merkatuak hala jarraituko dute. Markina-Xemeingo eta Ondarroako Udalek euren asteroko baserritarrekin hitzorduak mantentzea adostu dute, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren debekua mahai gainean izan koronabisuren pandemiaren alarma egoeraren ondorioz. Ondarroan gaur eta larunbatean, eta markinarren kasuan ostegunean, guztiak ospatuko dira, neurri zorrotzak hartuta beti ere.

Markina-Xemeingo Udala, "apirilaren 8tik, ekoizleekin harremanetan egon da etxez-etxeko salmenta zerbitzua antolatzeko", gogorarazi dutenez. "Apirilaren 9an aldiz, txosten bat bidali zuen Jaurlaritzako osasun sailera, gure herrian zein segurtasun neurri hartzen ditugun azalduz eta merkatua mantentzeko gure nahia adieraziz", eta erantzuna berehala jaso zuten. "Udala, lehen sektoreko ekoizleek gure herritarrei euren produktuak helaraztearen alde egon da hasiera hasieratik eta astero antolatu dogu merkatu-azoka, nahiz eta alarma egoeran egon", baieztatu zutenez. Gainera, elkarlanerako hautua egin dute, etorkizunean ere azoka Plazabarripean egin ahal izateko. "Elkarlanean eta konfrontazioak alde batetara utzita, ostegun honetan ere, betiko neurri zorrotzekin -eskularruak erabilita, distantzia mantenduta, produktuak ikutu gabe, 65 urtetik gorakoak edo arrisku-talderen batekoak diren saltzaileak gabe€-, merkatuko azoka bermatuko dugu", diotenez.

Ondarroaren kasua berdintsua da, nahiz eta pasadan larunbateko azoka mantendu zuten. Gaurkoa ere, Zaldupen egingo dute. Udalak "oinarrizko zerbitzutzat dauka baserritarrek eta beste saltzaileek astearte eta larunbat goizetan Zaldupe eskolako jolastokian egiten duten azoka, eta Eusko Jaurlaritzak baserritarrei azokara etortzea debekatu badie ere udalak zabaldu egingo du azoka, hara etortzen diren saltzaileek eskaintzen duten zerbitzua oinarrizkoa delako eta azoka eta merkatuei dagokien eskumena udalarena delako". Eskumena Udalarena dela iritzita,eta berau neurri zorrotzen menpe ospatzen dela jakinda, hasieratik izan zuten argi merkatua ospatu beharra zegoela. Zehazki, martxoaren 24tik. Egun horretan berta sinatu zuen Zunbeltz Bedialauneta alkateak segurtasun arauak eta funtzionamendua neurtzen dituen protokoloa".

Kritiko agertu dira Udaletik. "Uste dugu alarma egoera aitzakia baino ez dela beste merkataritza eredu ba-tzuk bultzatzeko, eta guk herriko kontsumoa bultzatu nahi dugu, herri bizia nahi dugulako". Toki admisnistrazioaren esanetan, azokak "estrategikoak dira lehen sektorearen biziraupenerako eta orain artekoak bezalako osasun eta segurtasun neurriekin berdin-berdin antolatu ahal direla azoka hauek". Bedialaunetak hala laburbildu zuen Lakuatik hartutako erabakia. "Ez dauka inolako zentzurik. Lehen sektoreko baserritar eta nekazarien salmenta gune garrantzitsuak dira azokak, eta ez du zentzurik salmenta horiek merkatalgune handietara bideratzea".