- Antxoa Egune ez da maitzaren 16an ospatuko. Ezta aurten ere. Ondarroako Udalak itsas zaporeko azoka bertan behera uztea erabaki behar izan du, "eguna iristeko hilabete eta erdi baino gutxiago geratzen direnean covid-19ak eragindako larrialdialdi egoerak ez dituelako jai bat antolatzeko behar diren gutxiengoa betetzea ahalbidetzen". Erabakia "irmoa" dela gaineratu dute.

Milaka pertsona erakartzen dituen azoka izanik, Lea-Artibain egiten den nagusienetakoa, Udalak osasuna lehenestu du. "Baliteke eguna iristean larrialdi egoera gaur egun bezalakoa ez izatea", baina udalak uste du "ezinezkoa litzatekeela hainbeste herritar eta bisitari batzen dituen jaian osasun eta segurtasun baldintza minimoak betetzea". Bada, Aritza Aristondo Natxiondo Ondarroako Kultura zinegotziak esan du hasita zirela antolakuntza lanetan, eta erabakia "orain arte ez baieztatzearen arrazoia larrialdi egoeraren bilakaera nolakoa izango zen jakitea izan dela". Izan ere, Pedro Sanchezen Estatuko Gobernuak dekretuz agindutako itxialdi-egoerak gutxienez apirilaren 26ra arte mantenduko da, eta ez dute "maiatzaren 16rako halako jai bat antolatzeko baldintza egokiak beteko direla ikusten; larrialdi egoera apirilaren 26an amaituko balitz ere ez dugu uste egokia denik 20 egunen buruan halako ekitaldi handi bat antolatzea".

Antxoa Eguna ez da urteko beste garai baterako lagako. "Uste dugu Antxoa Eguna antxoa sasoian ospatu beharreko jaia dela, hori baita bere oinarria. Arrantzaleak ez daude antxoatan eta herritarrak ere ez daude kalean. Aurtengoa bertan behera lagako dugu eta seguru datorren urtean gehiago gozatuko dugula 2021eko Antxoa Eguna", zinego-tziaren esanetan.