BERMEO. Gabonetak Bermeoko Udalak abiarazitako prozesu parte hartzailean 696 biztanlek hartu zuten parte. Hori azaldu du herriko alkate Aritz Abaroak gaur goizean. Alkatea "oso pozik eta eskertuta" agertu da lortutako emaitzekin, zeinak laster aurkeztuko den Agintaldi Planean eragin zuzena izango dute.

Guztira, prozesu parte hartzailean ia 700 herritarrek eman dute bere iritzia eta alkateak “oso datu esanguratsu eta positiboa” dela adierazi du. Aipatzekoa da Bermeoko gune eta auzo guztietatik jaso direla datuak eta adin tarte oso zabala ordezkatuta geratu dela. Izan ere, gazteenak 12 urte ditu eta, nagusienak, 94. Bermeotarrek datu guztiak eskuragai izango dituzte. Horretarako, Udalak inprimaki bat prestatu eta datozen egunetan etxeetara bidaliko du. Gainera, udal webgunean ere datuak publikatuko ditu.

Prozesu parte hartzaileak emandako datuak kontutan hartuta argi geratu da, ondoren ikusiko den bezala, bermeotarrentzat herriko gune ezberdinetan garbitasun bereziak egitea, espaloiak konpontzea eta asfaltatze lanak burutzea lehentasun handiko hiru gai direla. Alde Zaharra biziberritzea ere lehentasunezko kontua da, herritarren ustetan.

Metodologia

Bermeotarren parte hartze ahalik eta handiena lortzeko, ekimen honetan parte hartzeko bi bide egon ziren. Alde batetik, herritarrek etxeetan euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako inprimakia jaso zuten. Bada, euren lehentasunak adierazi ostean, dokumentua liburutegian, Berhazen edo Kultur Etxean entregatu behar izan zuten. Bestetik, bide hau egin nahi izan ez zutenek, euren iritziak emateko beste aukera bat izan zuten Lameran urtarrilaren 11 eta 12an jarri zen karpa batean.

Prozesu parte hartzailearen metodologiak bi atal izan zituen. Lehenbiziko atalean, 2020rako aurreikusitako 25 ekintza nagusi definitu ziren eta herritarrak bere lehentasunen arabera ordenatu behar izan zituen. Etxeetara bidalitako dokumentuan, bermeotarrek 1etik 25era ordenatu behar izan zituzten ekintza hauek (1, euren ustez, lehentasuna handiena daukan ekimenari jarriz eta 25 gutxien duenari). Aldiz, Lameran jarritako karpan, herritarrek, gometsen bidez, eurentzako garrantzitsuenak ziren 6 ekintza nagusi aukeratu zituzten 25 ekintza nagusien artetik.

Bestetik, bigarren atalean, zazpi ekintza konkreturi buruz biztanleek euren lehentasunak idatzi behar izan zituzten. Ekintza proposatu ostean (edukiontzi guneak edertu, espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egin, garbikuntza bereziak herriko guneetan burutu…) herritarrak galdera bati erantzun behar izan zion. ‘Edukiontzi guneak edertu’ ekintza adibidetzat hartzen bada, herritarrari honako galderari erantzun behar izan zion: ‘zein gune uste dozu egokitu behar dala lehentasunez?’. Erantzuna librea zen.