BILBO. Bermeoko bederatzi auzoek badituzte euren alkateak. Horrela, gaur goizean herriko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Aritz Abaroak Agarre, Almike, Arene, Arronategi, Artike, Demiku, Mañu, San Andres eta San Miguel auzoetako alkate berriei euren makilak eskaini dizkie.

“Nik behin baino gehiagotan esan dut bermeotarrok itsasoaren ondoan bizi garen baserritarrak eta mendi eta auzoz inguraturiko itsastarrak garela. Gure bederatzi auzoek eta auzotako alkateak zarete horren adibiderik argienak; zuek kresalez beteriko baserritarron odola daramazue zainetan”, hasi da Aritz Abaroa alkatea.

Zalantzarik gabe, figura berezi, zahar eta oso baliagarria da auzo alkatearena. Izan ere, lehen gobernu demokratikoa sortu zenetik dator (duela 40 urte baino gehiago) eta bere funtzio nagusia da Bermeoko baserri auzoen eta herriko Udalaren arteko zubia izatea. Auzo hauetan sortu daitezkeen proposamen, beharrizan edo arazoak inork baino hobeki ezagutzen ditu auzo alkateak eta herriko Udal Gobernuarekin batera auzogunea hobetzeko lan egitea da bere lana. Aldi berean, Udaletxearentzako oso figura lagungarria da, auzoekin interlokuzio zuzena lortzen duelako. Alde biak irabazten ateratzen dira.

“Balioan jarri nahi nituzke, egunez egun, borondate eta ilusio guztiarekin, Bermeo hobe bat lortzeko lan nekaezin eta eskerga egiten duten herritar eta talde guztiak. Hau horrela da auzo-alkateen kasuan ere. Zuen denbora libreko orduak dedikatzen dituzue kargu honi, borondate guztiarekin, zuen auzo eta auzotarren ongizatea lehenetsiz eta herrigintzan zuen aportazioa eginez”, gehitu du ekitaldian Abaroak.

Auzo bakoitzeko alkateak auzo alkate makil propioa eskuratu du gaur goizean eta lau urtez izango du bere esku. Gainera, kargua utzi duten auzo alkate bakoitzari plaka bat entregatu zaio ekitaldian.