Gernika-Lumo - Idazletzat du bere burua, nahiz eta bere ogibidea ez den eta bere aisialdia erabiltzen duen literatura kontuetan aritzeko. Gazterik, 1986an zehazki, atera zuen bere lehen eleberria, Dalila izenburupekoa. 33 urte ondoren, Laura Uruburu Totorikaguena gernikarrak bere bigarren lana aurkeztuko du gaur iluntzeko 19:30etatik aurrera, bere herriko Iñurrigorria liburudendan. Pertsonen arteko harremanak, emozioak eta “bizitza bera” ditu hizpide orain hilabete gutxi argitaratutako Katigatu ninduzun librea nintzena eleberrian.

Irakurleekin liburuaz ari-tzeko baliatuko du solasaldia Uruburuk, “eta baita irakurle berriak irakurketara anima-tzeko ere”. Herrian arituko dela eta, hitzordu “berezia” dela onartzen du. Bere hurbileko baten istoria erreala erabilgarri izanik, Labayru Fundazioaren Urbegi bilduman argitaratutako eleberria aurrera ateratzea “prozesu zaila izan dela” dio gernikarrak, besteak beste “denbora librean” idatzi duelako. Horretaz aparte, “azterlan handia duena da, bai kontakizunari dagokionez eta baita euskerari ere. Ez dakit zenbat denbora eman dudan. Istorioa dokumentatzea lan izugarria izan da, eta hizkuntzaren aldetik ere hainbat kontu erabili ditut: ahozko literaturako zati asko, berba bereziak...”. Zortzi kapituluz eta 300 orrialdez osatua, Katigatu ninduzun librea nintzena oinarri errealeko istoriodun nobela da. “Hurbileko eta ezagun dudan pertsona baten istorioa eleberrira eraman dut, kontua apaindu eta aberastuz”.

Eleberriaren protagonista nagusia emakume bat da, Elba, eta barne-mundua sakon-sakonetik profildu du idazleak, tirabira, gorabehera, atzera-aurrera eta itxurazko kontradizio askoren irudikapenekin. Bada, Uruburuk “emakumeen desira” islatu nahi izan du bere azken lanean, “xehetasunean eta gordintasunean”, euskal literaturan hain ohikoa ez den kontakizuna eginez. Istorioa, hala ere, “gertakari zehatz batetik” abiatzen da -zorritxar bat du erdigune-, “baina baditu beste hainbat kontu inguruan. Zuhaitz baten enborretik sortzen diren adarren antzera. Hori bai, emakumezko baten kontakizuna” dela zehazten du.

Luzaroan idatzitakoa, Uruburuk “pasio handia” jarri dio bere lanari. “Gustoz eta gozamenez” idatzia, “ez ohiko eleberria” dela argitzen du. Protagonisten inguruan erromantxeak, poemak edota ahozko literaturaren harribitxiak kateatu ditu. Euskararen hizkuntza eta esamolde bereziak ere baliatu ditu istorioa zizelka-tzeko, “eta istorioa bera ere hunkigarria da”. Koktel honekin landu du gernikarrak bere lana. Berak aipatzen duenez, “kostata bada ere, barrutik ateratakoa” den testua da. Eta norberaren barrutik ateratzen diren kontakizunek “badute indar berezia. Eta berau da eleberriaren gako nagusieneteko bat”.

askatasun osoz Literaturaren hainbat alorretan murgiltzen den Urubururen lanak kritika onak jaso ditu. Dioenez, “polita da liburua gustuko izan dela ikusteak, eta nik pozik jaso ditut egin dizkidaten iruzkinak”. Labayru Fundazioarekiko esker oneko hitzak ditu egileak, “izan ere askatasun osoz egindako eleberria izan da eta ez naute sekula presionatu. Nobela idazterakoan nire erritmoa izan dut, ba-tzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Ez naiz idazle ogibidez -nahiz eta kazetaritza eta itzulpengintza lan mordoa egin izan duen-, hezkuntza munduan nabil eta ahal dudanean idatzen dut. Denbora librean idatzi dut, horrek dituen zailtasunekin. Presio barik aritu naiz, hala ere”. Baina Uruburu “pozik” agertzen da lortutako emaitzarekin.

Idazten jarraituko duela argi eta garbi du Uruburuk, oraintsu argitaratutako nobelak bigarren atal bat izango duelako. “Badira hainbat kontu zehaztu gabe geratu direnak eta horietan jardungo” dela aurreratzen du. “Jarraipena” behar duela eta, “Katigatu ninduzun librea nin-tzena irakurri duenak erantzunak” behar dituelako, idazle genikarrak lanari ekin dio. “Baina ez da 33 urte itxaroteko beharra izango, “askoz denbora gutxiago erabiliko dut”, dio barrez.