Gernika-Lumo - Kultur mugimendu indartsua izan zuen 80ko hamarkadak Gernika-Lumon. Testuinguru honi lotu lezaioke Hemendio taldea 1985an sortu izana. Baliabide handirik gabe eta zenbait instrumentu faltan izanik, hala ere gogoz betetako gernikar talde gazte batek aurrera jo-tzea erabaki zuen. Iñaki Olano, Josu eta Jon Artetxe, Miguel Angel Rodriguez, Iñaki Ostiz eta Ager Urigenek osatutakoa, teknikari bat izan zuten laguntzaile, Mikel Fernandez Krutxaga. Zazpi urte beranguago desagertu zen taldea -ordurako Etore Akordagoitia, Inas Ruiz, Joseba Verdes edota Igor Markaida ere izan ziren taldekide-, nahiz eta bakoitzak bere ibilbideari ekin zion. “Adiskidetasuna”, hala ere, ez dute sekula galdu. Urteak joan eta urteak etorri, berriz jarri ziren kontaktuan, blog bati bidalitako informazioa tarteko. Oroitzapenek elkar batuta, Hemendio bueltan da. Kontzertu “bereziak” eman dituzte, gutxi izan badiren ere. Eta bueltan datoz ez nolanahiko lanarekin: Londoneko Abbey Road estudioan grabatutako diskarekin.

“Gure bizitzako esperien-tzia” zela iritzita, Etor Akordagoitia gitarra-joleak eta Iñaki Olano kantariak argi eta garbi diote: “luxua izan da halako estudio baten graba-tzea”. Asteburu bakarra nahiko izan zuen Hemendiok nahi zuen soinua lortzeko. The Beatles, Freddie Mercury, Elton John, Eric Clapton, Amy Winehouse... Mundu mailako hainbat artista izan dira bertan. Baita gernikar taldea ere. “Aukera suertatu zen eta aprobetxatu genuen. Estudiora bajatzen ari ginela, ia sineztezina suertatzen zitzaigun han egotea... Energia berezia sumatzen da handik ibilitakoan”, baiezta-tzen dute. Mikel Fernandez Krutxaga soinu-teknikariak “aukera eman zigun, berau proposatu eta hara joan ginen iragan den abenduan. Asteburu ederra izan zen, inoiz ahaztuko ez duguna”. Zortzi kantaz osatutako diska argitaratu nahi dute datozen asteotan, “handik pasatu ginela egiaztatzeko”, diote barrez. Eta agur bat kantatu eta dantzatzeko aukera ere izan zuten. “Diskoa guretzat egin dugu, ez ale asko saltzeko ideiarekin, baizik eta guk grabatutakoa betirako izan dadin”, diotenez. CD-az gain plataforma digitaletan ere jarriko dute eskuragarri. “Eta vinilo formatoan ere atera nahi dugu, zerbait berezia izan dadin”.

Euskal eskenako hainbat talde handirekin partekatu zuen Hemendiok eszenatokia, 80. hamarkadatik 1992 urtera. Her-tzainak, Delirium, Baldin Bada, Etsaiak.... Zuzeneko taldea zen Hemendio batez ere, “Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan” ibilitakoak, “gaztetxe eta deitzen ziguten hainbat tokitan”. Hala ere, grabaketa baten parte hartzeko aukera izan zuten. Gernika 91 izenburuko diskan parte hartu zuten, Gernika-Lumoko beste hainbat talderekin. Euren garaietan hain ohikoa zen maketak ere grabatu zituzten, “soinu aldetik hain onak ez zirenak. Orduko teknologia ez zen hain ona”, dio Olanok.

“Bagoaz bidea berriz ere egiten”, dio Akordagoitiak. Eta lehen pausoa, “revival bat egitea izan zen”. Horrela, iazko Gernika-Lumoko Lekuek Festibala izan zen lehen pausoa. Lizeo Antzokian jo zuten Balerdi Balerdirekin batera. “Esperientzia zoragarria 26 urte ondoren”. Ostean heldu zen Abbey Roadera joateko aukera. Eta orain gutxi ere Aterpe tabernan egin zuten emanaldia. Gaur egun taldea Joseba Verdes (bateria), Igor Markaida (pianoa eta diska berriaren portadaren diseinatzailea), Iñaki Ostiz (baxujolea), Miguel Angel Rodriguez (gitarra erritmikoa eta akustikoa), Etor Akordagoitia (gitarra elektrikoa) eta Iñaki Olanok (abeslaria) osatzen dute. Laguntzaileak ere badituzte taulagainera igotzen direnean: Rafa Iriondo, Ander Akordagoitia, Aintzane Uria, Mikel Fernandez Krutxaga eta Jon Artetxe. Eta etorkizunean ere Hemendiok pauso berriak emango dituela ematen du. “Kontzertu bereziak egiteko aukera dugunean, han izango gara. Bakoitzak bere lana, familia eta kontuak ditu, eta agenda kontuiek ez digute aukera handirik ematen”. Baina, azaltzen dutenez “garai hartakoak gogoratzeko modurik onena gure musika jotzea da”.