EUROPAKO ezker olatu luzeena izatearen titulua izan ohi du Mundakak, orain dela zenbait urtetatik bere egin duena. Eta aipamen horrek surfaren munduan turistikoki posizionatzea ahalbidetu dio, milaka bisitari erakarriz. Bada, Urdaibaiko kostaldeko udalerriak izendapen berria jasotzeko aukera du. HomeAway deritzon landa-turismo sektoreko online plataformak Mundaka hautatu berri du, Euskal Autonomi Erkidegoko hautagai bakarra izanik eta Estatuko beste 19 udalerri tartean, aurtengo edizioko Maravilla Rural de España deritzon izendapena jaso dezan.

Ohi legez, sarean egindako botazioek erabakiko dute Mundaka Estatuko landa-guneko herririk miragarriena bada. Horretarako www.homeaway.es/info/7-maravillas-rurales-2019 delako web atarian bozkatu beharko da, irailaren 25etik urriaren 17ra arte. Aurkariak ere izan baditu Busturialdeko herriak, Maravilla Rural 2019 izenburupeko lehiaketako arduradunek jakinarazi dutenez. Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Gaztela eta Leonetik bina, eta baita beste 15 autonomi erkidegotik bana. Horien artean dira, besteak beste, Lizarra (Nafarroa), Chinchon (Madril), Puebla de Sanabria (Gaztela eta Leon), Castelfollit de la Roca (Katalunia), Barcena Mayor (Kantabria), Tui (Galiza), Zafra (Extremadura), Tazones (Asturias) edota Betancuria (Kanariar Uharteak). “Espainiako landaguneko helmuga turistiko hoberenak” saritzea” dute helburu antolatzaileek.

“Ikusgaitasuna ematea” Izendapena lortu edo ez, lehiaketan hautatua izateak eragin positiboa ekar diezaioke urtero milaka bisitari jasotzen dituen Mundakari, batez ere ohiartzun mediatikoaren aldetik. Hala deritzo HomeAwayko Europa Hegoalderako arduradun den Juan Carlos Fernandezek. Ekimenarekin “landa-turismo bultzatzen jarraitu nahi dugu, ez bakarrik bidaiari espainiarren artean, baizik eta mundu mailan”. Eta, gaineratu zuenez, “irmoki mantentzen” dute euren konpromisoa: Normalean promizio iturri mugatuak dituzten Estatuko herri txikiei ikusgaitasuna ematea”.