URDULIZ. Lehendakariak nabarmendu duenez, ekipo berri horrek 1.015.890 euro inguruko inbertsioa ekarri du, eta hura “Osakidetzako pazienteentzako diagnostikoa eta tratamenduak etengabe hobetzeko prozesuan” sartzen da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak minbiziaren prebentzioarekin eta detekzio goiztiarrarekin duen konpromisoa sendotzen du; hura 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoaren zabalkundean jaso da.

Osatekek Alfredo Espinosa Ospitalean sartu duen erresonantzia magnetiko berriak, zentroaren bigarrenak, diagnostiko goiztiarragoa eta zehatzagoa egiteko aukera emango du zenbait patologiatan, eta interes berezia du onkologiaren eremukoak; izan ere, lesio onberen eta gaiztoen artean zehaztapen handiagoz bereizteko aukera ematen du. Aldi berean, eta asistentziaren ikuspegitik, pazientea erosoago egongo da proba egin bitartean.

Gailu berria 2018ko maiatzean irten zen merkatura, eta diseinu zabalagoa du, 70 zentimetro diametrokoa eta ekipo konbentzionalek baino luzera laburragoa; alegia, erosoagoa da pazienteentzat, eta, kasurik berezienetan, antsietatea eta klaustrofobia murrizteko bide ematen du. Gainera, irudiak eskuratzeko azkarragoa denez, makinan denbora gutxiago egon behar du pazienteak, eta, ondorioz, pertsona-kopuru gehiagori eman dakioke arreta.

Gailuak, halaber, zarata murrizteko sistema ere badu, eta horrek murriztu egiten du esplorazio-gelako soinu-presioa % 96ra arte, esplorazio batzuetan. Horrek nabarmen hobetzen du lan-inguruneko kalitatea ekipo profesionaletarako.

ERRESONANTZIAREN EGINKIZUNAK ETA EZAUGARRIAK

Erresonantzia Magnetikoa eremu magnetikoa, irrati-uhinak eta sistema informatikoa erabiltzen dituen teknika da, gorputz-egituren irudiak ekoizteko; horien bidez, espezialistek beren diagnostikoak egin ditzakete. Zehazki, ehun delikatuak (besteak beste garuna edo bihotza) aztertzeko sentsibilitate berezia du bereizgarri.

Ekipo berri horrek azken nobedade teknologikoak jaso ditu; 1,5 Teslako eremu-intentsitatea du. Haien bidez, besteak beste, sistema paziente bakoitzaren fisiologiara egokitu daiteke, berezitasun anatomikoak detektatzen dituzten eta paziente kritikoetara ere egokitzen diren sintonizadoreen bidez.

Era berean, azken belaunaldiko gailuak dituzte; horien bidez, gorputz osoko bereizmen handiko irudiak eskura daitezke. Sentsoreek arnasketa detektatzen dute eta, horretarako, pazienteak arnas hartu eta kanporatzean egiten duen ehunen eta organoen mugimenduak eragindako inpedantziaren aldaketa neurtzen dute, eta haren taupadaren sentsoreak aukera ematen du bihotzeko azterlanak egiteko, azalean elektrodoak jarri behar izan gabe.

URDULIZKO OSPITALEAREN BALANTZEA

Urdulizko Ospitaleak hiru urte bete berri ditu lanean, eta 177.000 pertsonari ematen die arreta; zentroak 8 espezialitate mediko eta 6 espezialitate kirurgiko eskaintzen ditu. Ospitalean, guztira, 625 profesionalek lan egiten dute; horietatik, 450 plaza berriak dira. Gaur egun 128 ohe ditu, eta, haien bidez, asistentzia-eskariaren erantzuna hobetu da. Ospitale-alten kopuruak (3.762, guztira) gora egin du, % 126, 2019ko lehen seihilekoan, 2018ko aldi berarekin erkatzen badugu.

Bertako 9 kirofanoetan 4.439 ebakuntza egin dira, aurreko urteko lehen seihilekoan baino % 75 gehiago. Eta Larrialdietako zerbitzuan (19 box eta 7 kontsulta ditu) hilero 3.800 helduri eta umeri ematen zaie arreta, % 22 gehiagori.

Gainera, bertako 53 kontsultetan ?proba diagnostikoak egin ahal izateko teknologia dute? guztira 270.000 pazienteri eman zaie arreta.

Erradiodiagnostikoaren arloan, Uribe ESIak bi mamografo, hiru ekografo, X izpien bi sala eta teleaginte bat, ortopantomografia bat eta OTA bat ditu. Gainera, Osatekek Erresonantzia Magnetikoko ekipoa du Ospitalean, eta, horrez gainera, gaur inauguratu dena; bi horiez gainera, Areetako osasun-zentroan beste bat dago.

Orain arte gogobetetasun-maila neurtzeko egin diren inkestetan, bai Kirurgia Handi Anbulatorioko zerbitzuetan eginikoetan bai Larrialdietan eginikoetan, pazienteek puntuaziorik altuena eman dute honako alderdi hauetan: emaitzak, tratua, informazioa edo irisgarritasuna, besteak beste.