HARA noanean beti emozionatzen naiz”. Jon Gofinondoren hitzak dira, Eleizalde ikastolari eskaintzen dizkionak. Ondo baino hobeto daki egun gutxi barru 96 urte beteko dituen bermeotarrak, zein esfortzu handia egin behar izan zuten ikastetxea martxan jarri zuten aitzindariek. 12 ikasle izatetik bere sorreran, datorren ikasturtean ia 800 neska-mutil arituko dira hezkuntza zentroan. Hezkuntza zentroak beste une garrantzitsu bat bete du mende erdi baino gehiagoko bere historian, Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluaren (CSCE-EKGK) eskutik. Omenaldia jaso du aste honetan, kooperatiba forma juridikoarekin 50 urte baino gehiago daramatzan Euskadiko 69 erakundeetako bat delako.

Colegio Santa Eufemia izatetik Eleizalde Ikastolara, Fran-tziskotarren lokal txiki batetik gaur eguneko Arane auzoko instalazioetara, Gofinondok argi du ikastetxearen sorreran inplikatzeko izan zituen motiboak. “Euskera zaindu behar genuen, gurea den euskera”. Hala egin zuten, garai latzen gainera. Diktadurapean ere, 11 familiarekin hasi ziren, hezkuntza arloan. “Banuen nire lana -itsasgizona izan zen urte luzez, gero fabrika baten hasi zen-, baina Eleizalderen sorreran sartu nintzen”, burubelarri. Gofinondoren lanak, ikastetxeko arduradunek “oinarritzat” jotzen dutena, “eta nirekin ibili ziren askorenak”, ikastetxea sortzea ekarri zuen. Esfortzu handia suposatu bazuen ere -“lau aldiz izan nitzen atxilotuta”-, bermeotarrak “berriz egingo” lukeela dio. “Lehendabizi, nire seme-alaben euskaraz ikas ahal zezaten. Baina baita Bermeoko herriarentzat ere”, dio. Izan ere ikastolaz gain, “euskal kulturan eragiten” dabiltzala dio ikastetxearen lehen lehendakari izan zenak.

Euskeraren Laguntzaileak taldeak, zenbait frantziskotarrek, Bermeoko eragile batzuk, hainbat familiak... Denak izan ziren Eleizalderen sorreran beharrezko, “kooperatiba” tankeran. “Kooperatiba izanda, denona da. Eta zurea dena hobeto zaintzen duzu”, Gofinondoren hitzetan. Dirua ere, “familiek jarri zuten, kasu ba-tzuetan. Jakin badakit batzuk oporretako gordeta zuten dirua ikastolan inbertitu zutela... Denon artean egin genuen. An-tzerkiak ere antolatzen ziren, dirua batzeko”, dio. “Dirua eskas ibili ginen, baina alde batetik bestera ibili ginen, ikastola aurrera ateratzeko lanetan”, dioenez. Gofinondo izan zen presidente, “bertan nintzelako ni, gai honen erdigunean”, nahiz eta lehendakari postua hartzeko aurrera pausoa berak eman zuen. Colegio Santa Eufemia izenez ezagutu zena 1965 urtean zabaldu zen, eta lau urte beranduago sortu zen kooperatiba, Euskaltzaindiaren sor-tzaileetakoen artean izan zen “Luis Eleizalderen omenez” jarri ziotelarik izena. Lehen batzordean ziren Ramon Telletxea, Victor Abaroa, Antonio Ormaza eta Gurutze Bilbao. Gofinondo horiek ditu gogoan, “nahiz eta hainbat petsona izan diren beharrezko aurre irten ahal izateko”.

Gofinondoren “eskuzabaltasuna eta herriaren aldeko lana” goraipatzen dute Eleizaldetik. “Mugarria da”, diotenez. Bidegile izan zela argi dago. Bermeotarrak, hala ere, “edozeinek egingo zukeena egin zuela dio”. Garaiak garai, eta nahiz eta “hasieran arbelik ere ez euki eta gaur egun arbel elektronikoekin ikasten duten neska-mutilek”, urteroko ikasleen bazkarira joaten saiatzen dela dio Gofinondok. Eta urtero “emozionatzen” da. Akaso bermeotarrak ereindako hazia fruitu oparoak eman dituelako. “Eta ikastola Bermeoren parte delako”.

Gofinondo Bilboko Euskalduna jauregian izan da aste honetan, ikastetxeak jasotako omenaldian, kooperatiba formarekin 50 urte baino gehiago daramatzan Euskadiko 69 erakundeetako bat delako. Horrez gain, “bost hamarkada bete dituen Euskadiko lehenengo ikastola kooperatiba da”. Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluak (EKGK), Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta emandako sarietan izan da presente. Unai Urrutia Kortazar ikastolako gaur eguneko presidentearen hitzetan, “Eleizalde ikastolan egunero egiten dugu behar prestakuntza akademikoa eta balioak gertuko ingurunean uztartzeko, bertan egoteak ematen duen konfiantzarekin. Ikastola eraldatzailea, inklusiboa, eta herrikoa gara. Erabilgarritasun publikokoa izendatutako irakaskuntzako elkarte kooperatibo integrala gara, eta geure hezkuntza egitasmoa daukagu. Egitasmo horretan gurasoek eta langileek elkarrekin hartzen dute parte. Euskara eta euskal kultura defendatzen eta sustatzen ditugu”.