BErmeo - Eusko Jaurlaritzaren egiaztautako aisialdirako begirale ikastaroa antolatu du beste behin Bermeoko Udaleko Gazteentzako Informazio Zerbitzuak (GIZ) datorren ikasturteari begira. Aurtengo irailaren 28tik 2020ko apirilaren 25era arte izango da, 12 asteburutan zehar, nahiz eta GIZek izen emate epea zabaldu berri duen. Irailaren 20ra arte izango da berau zabalik Gizarte eta Kultura Etxean, “edo eskainitako gehienezko plaza kopurua bete arte”.

GIZetik azaldu duten moduan, “eskolak ostiraletan -18:30-21:00- eta larunbatetan -10:00-14:45 eta 16:00-18:30- emango dira. “Derrigorrezkoa izango da 12 saioetara joatea, izan ere, baten batera falta izanez gero, ez da titulurik tramitatuko”. Ikastaroaren atal teorikoak 150 orduko iraupena izango duela gogoratu dute, eta amaitzerakoan ikasleek 160 orduko praktikak egin beharko dituzte. Ikasleek 18 urte izan beharko dituzte begirale praktikak gauzatzeko edota atal teorikoa bukatzen denerako.

“Ohi bezala, izena ematerakoan eta taldea osatzeko unean 35 urtera arteko gazte bermeotarrek izango dute lehentasuna, izan ere, ikastaroak 25 lagunentzako lekua dauka, gehienez”. Matrikularen prezioari dagokionez, Udalak diruz lagunduko du. Bermeon erroldatutako 35 urtera arteko gazteentzat 350 euro izango da eta Bermeon erroldatutako 35 urtetik gorakoentzat eta beste herrietakoentzat 430 euro. - I. Fradua

Titulazio ofiziala

Eusko Jaurlaritzaren Aisialdiko Begirale titulua lortzeko, beraz, ikasturtearen 12 ikastaro edo saioetan parte hartzeaz gainera, aipatutako praktikak garatu beharko dira.

Ikasleek 18 urte izan beharko dituzte begirale praktikak gauzatzeko edota atal teorikoa bukatzen denerako. Hau da, 2020ko ekainerako 18 urte beteta izan beharko dituzte, izan ere, derrigorrezkoa da 18 urte beteta izatea praktikak egiteko eta titulua tramitatzeko. Bestetik, ikasleak euskaldunak izan beharko dira, ikastaroa euskaraz izango baita.

Izena eman nahi dutenek Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko lehen solairuan kokatuta dagoen Gazteentzako Informazio Zerbitzura joan beharko dute. Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratzeko ere GIZera hurreratu beharko dira.