Araneko kiroldegian

Bermeoko Eskolarteko XV. Olinpiada larunbatean ospatuko da

09.02.2020 | 04:15

BILBO. Bermeoko Eskolarteko XV. Olinpiada datorren larunbatean ospatuko da Araneko kiroldegian, 10:00etatik 12:00etara. Ekintza lehen hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta dago. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldeak dira ekimenaren antolatzaileak.

Bermeoko Eskolarteko XV. Olinpiadaren barne atletismoko proba ezberdinak egin ahal izango dira, hala nola, pisu jaurtiketa, disko jaurtiketa, altuera jauziak eta luzera jauziak. Horiez gain, lasterketa ere egingo da.

Kirol horiek egiteko lau gune antolatuko dira. Lehenengo gunean jaurtiketak egingo dira, bigarren gunean umeek altuera jauziak egin ahal izango dituzte, eta hirugarrenean luzera jauziak egiteko aukera izango dute. Azkenez, laugarren gunean, lasterketa egingo da.

Ume bakoitzak bere ikastetxean eman behar du izena. Horrela, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldeak 6 eta 12 urte bitarteko ume guztiak animatu dituzte Bermeoko Eskolarteko XIV. Olinpiadetan parte hartzera.

'Kirolari Ateak Zabalik'

Bermeoko Eskolarteko XV. Olinpiada 'Kirolari Ateak Zabalik' jardunaldiaren barne kokatzen da, eta jardunaldi hori ekainaren 1ean eta 2an izango da Bermeon. Horrela, herriko hainbat lekutan zenbait kirol jarduera egin ahal izango dira, eta herritar guztiek kirolarekin gozatzeko aukera izango dute.

Ekainaren 1ean, zapatuan, Eskolarteko XV. Olinpiadez gain, karatea egingo da Lamerako kioskoan 11:30etik 13:00etara eta, 12:00etatik 14:00etara line dance eta ginmasia erritmikoaren erakustaldiak egingo dira Lameran.Domekan, ekainaren 2an, 10:00etatik 12:00etara eskubaloi gunea izango da Zubiaur Tar Kepa 50eko enparantzan (euria bada Araneko kiroldegian) eta 10:00etatik aurrera Women 3.0 zirkuit gunea Artza frontoian.

'Kirolari ateak zabalik' kirol jaia Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalarekin batera antolatzen du. Horrez gain, jardunaldi hori egitea posible da kirol taldeei esker eta, horregatik, Taraska Gazte-Zahar atletismo taldeari, Urdaibai eskubaloi taldeari, Karate taldeari eta Xixili Gimnastika taldeari eskerrak eman dizkie Bermeoko Udalaren kirol patronatuak. Ildo berean, Sagrado Corazón ikastetxeari, San Frantzisko herri ikastetxeari eta Eleizalde ikastolari eskerrak eman dizkie ikasleei ekimen honen berri emateagatik.

Kirolari ateak zabalik jardunaldiaz gain, domekan, ekainaren 2an, 11:00etan Araneko kiroldegian txikigym izango da Xixili Gimnastika taldeak antolatuta.