Lekeitio - Berrikuntza aipagarriekin batera, iazkoan arrakastaz ospatu zen Lekeitioko Euskal Zine Bileraren edizio berria martxan da, azaroaren 23tik 30era ospatuko dena. Euskal Herrian euskaraz egiten den zine jaialdi bakarrak bere parte hartze epeak finkatu ditu. Izena emateko epea orain gutxi zabaldu dute, nahiz eta irailaren 30era bitartean egongo den zabalik. Film onenak beste behin Urrezko Antzarra izango du sari nagusia eta, antolakuntzatik zehaztu dutenez, film jaialdiak “aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua” izango delarik.

Euskal ikus-entzunezkoaren “iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten zuten” iazko zine bileran, arrakastaz estreinatu zirelarik hainbat berrikuntza. Aurtengoak “jaialdiaren norabidea mantenduko” du, baina “bere zutabeak berrituz”. Horrexegatik, aurtengo edizioa berrian “iazko proiektua sendotzeko bideak hartuko dira”, Lekeitio beste behin ere “euskal zinemako profesional eta zaleak biltzeko gune” bilakatuz. Antolatzaileek, bada, “aurtengo edizioan ere parte har-tzera gonbidatu” ditu Euskal Herriko ikusentzunezkoen sortzaileak, beti ere www.zinebilera.eus web gunean eskuragarri dituzten oinarriak betetzen badituzte.

Euskaraz hutsezko festibal bakarraren sariei dagokienez, ez da aldaketa nabarmenik izango iazkoarekin alderatuta. Zuzendaritza onenak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra jasoko ditu; gidoi onenak beste 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra poltsikoratuko ditu; film onenaren kasuan, 1.900 euro eta Urrezko Antzarra eskuratuko du irabazleak -urteroko saririk potoloena dena- eta ikusleen sariari dagokionez, 750 euro eta Zilarrezko Antzarra. Bestetik, iazko formatuari eutsiko diote, lan profesionalak zein ez-profesionalak desberdintzen ez dituen lehiaketa bateratua mantenduz. Datak ere zehaztu ditu jada antolakuntzak, izan ere azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko delako. Hala ere, “urte osoan zehar banantzen diren ekimenez inguratuta dago, jaialdiaz gain euskarazko ikus-en-tzunezkoen markoa urtean zehar hedatuz”.

Lehiaketa bateratua Lekeitioko Euskal Zine Bilera “historikoki ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian”. Gaineratu dutenez, “ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea”. Eta nahiz eta oraindik zehazteke diren, jaialdiak ohiko izaten dituen beste ekimenek ere segida izan dezakete, azaroaren 23 eta 30era bitartean Lekeitio euskal zinemagintzaren erdigune bilakatuz. Guztira 20 izango dira lan aukeratuak. Hala adierazio dute: “Aurkezten diren lanen artean 20 izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik”.