CO2 emisioak murrizteko helburuarekin, berrikuntzak egingo ditu Barakaldoko Udalak Gorostitzako udal kiroldegian. Bada, aste honetan bertan hasiko dira galdara berritzeko lanak.

Horrela, egungo gasolio galdaren ordez, gas galdara jarriko du, efizienteagoa, jasangarriagoa eta ingurumenarekiko hobea, kiroldegia bera eta igerilekuetako ura berotzeko. 6 hilabetean amaituko dira lanak.

Eraikin osoan beroa sortzeko gasolio-galdarek eta igerilekuko, aldageletako eta kafetegiko aireak tratatzeko klimatizagailuek osatzen dute egungo instalazioa. Aste honetan hasiko den berrikuntzak honako hauek biltzen ditu: galdara-gela gas natural bidezko berokuntza-sistema bihurtzea, igerilekuan ekipoak deshumektatzea eta igerilekuko ura berotzeko beroa berreskuratzea; kafetegia girotzeko aprobetxamendu geotermikoa duen instalazioa; eguzki-instalazio fotovoltaikoa, eta eguzki-instalazio termikoa, ur bero sanitarioa sortzen laguntzeko.

Egungo instalazioarekin, Gorostitzako kiroldegiak 2.192.119 kWh-ko energia-kontsumoa egiten du urteko. Galdara berriari esker, energia-kontsumo hori urtean 788.791 kWh-ra murriztuko da, hau da, egungo kontsumoaren % 35 baino ez da kontsumituko. Galdara berriarekin energia-kontsumoa % 65 murriztuko da egungo kontsumoarekin alderatuta.

Kontsumoaz gain, gas naturalera aldatzeak kiroldegiaren funtzionamenduak eragiten dituen CO2 isurketak murriztea ahalbidetuko du. Kiroldegiak klimatizatutako bi igerileku eta hainbat kirol-pabilioi ditu. Gaur egun, gasolinaren instalazioarekin kiroldegiak 576.504 kg CO2 isurtzen ditu urtean. Galdara berriak kontsumo hori 166.581 kgCO2ra murriztuko du urtean, hau da, egungo isurketen % 28ra. Urteko CO2 emisioak % 72 murriztuko dira, Barakaldo garbiagoa, berdeagoa, jasangarriagoa izan dadin.

645.000 EUROTIK GORAKO INBERTSIOA

Galdara ordezteko lanek ez diete inolako trabarik egingo kiroldegiko erabiltzaileei espazioak edo zerbitzuak ixteari dagokionez; beraz, Gorostitzaren jarduera normaltasunez mantenduko da datozen hilabeteetan. «Ezinbestekoa da aldaketa, galdara oso zaharra delako, eta, erabatekoa izango da gainera, igerilekuetako eta kiroldegiko erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeaz gain, instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetzea ahalbidetuko duelako, Barakaldo hiri jasangarriagoa bihurtuz, eta hori da guztiok nahi duguna», azaldu du Iñigo Asensio Barakaldo Kirolak-eko presidenteak.

Obrak 645.712,92 euroko inbertsioa ekarri du (BEZa barne), eta Amaia del Camporen taldeak hiriko kirol-instalazioak hobetzeko abian jarritako jarduketa-sortaren parte da.