Barakaldoko Udalak 1,3 milioi euro inbertituko ditu Arteagagoiko eta Arrontegi auzoetan irisgarritasuna hobetuko duten igogailu bana eraikitzeko. Arteagagoiko auzoan, gainera, eskailera mekanikoak kenduko dira.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak adierazi duenez, bi auzoetako bizilagunek irrikaz itxarondako obrak dira, eta laster errealitate bihurtuko dira, hiriko auzoak erosoago eta iritserrazago lotuz.

Arteagagoiko eremuan, eskailera mekanikoen egungo hiru tarteen ordez, bi igogailu panoramiko jarriko dira, Euskadi etorbidearen goiko aldea Eskulturen parkearekin lotzeko. Obrak 1,1 milioi euroko esleipena izan du, eta oinezkoentzako arrapala berri bat, eskailerak, argi-hartune berriak, telefonia, zuntz optikoa eta argiteria publikoa ere barne hartzen ditu.

Lehenengo igogailuak 5,76 metroko desnibela gaindituko du, eta bigarrenak, goiko aldeari lotzen zaionak, berriz, 6,43 metrokoa. Obrak sekuentzialki egingo dira zonako urbanizazioaren garapena bateragarri eginez, inguruan dauden 71 eskailerak gainditzeko. Igogailu bakoitzak 13 lagunentzako lekua izango du. Igogailuek lotuko dituzten pasabideek 12,30 metroko luzera izango dute.

Del Campok azaldu duenez, "eskailerak instalatu zirenetik arazoak baino ez dituzte ekarri. Auzoko bizilagunekin konpromisoa hartu genuen horiek aldatzeko, eta, inguruan jardungo genuenez, igogailuak eraikitzearen aldeko apustua egin dugu, bi noranzkoetako iriste-erraztasuna erabat konpontzen duen irtenbidea baita, igotzeko zein jaisteko".

Obrak 10 hilabetean burutzea aurreikusita dago, eta aurrekontua, 1,1 milioi eurokoa.

Bestalde, Arrontegi auzoan igogailu panoramiko berri bat jarriko da Etxatxu kalearen eta San Luis auzunearen artean. Gaur egun, eskailera luzeek bereizten dituzte bi eremuak, eta horrek zaildu egiten du mugikortasun urrikoentzako konexioa. Beirazko hiri-igogailu berriak 20 metroko desnibela gaindituko du, 180ºra sarbide bikoitza izango du eta eskaileren ondoan dagoen hormari atxikita joango da. Edukiera 110 x 140 cm-koa izango da, indarrean dagoen iriste-erraztasun araudia betez. Instalatzeko, beheko mailan dagoen zolata eraitsi beharko da, eta 110 cm inguruko sakonerako hobi lurperatu bat egin; horrela, igogailuak kalearen parean zabalduko ditu ateak.

Inguruko segurtasuna hobetze aldera, San Luis plazako zebra-bidea igogailuaren parean kokatuko da; beraz, aldaketak egingo dira inguruko urbanizazioan.

Lehenengo lehiaketa publikoa esleitu gabe suertatu zenez, Udalak 271.021 eurora arte handitu zuen lizitazio-oinarria. Burutzeko epea 3 hilekoa da.

IA 10 MILIOI INBERTITU DIRA IRISTE-ERRAZTASUNA HOBETZEN

Iriste-erraztasuna hobetzea da alkate Amaia del Campok duen asmoa alkate izatera heldu zenetik. Horrela, bada, azken 7 urteotan 10 milioi euro inbertitu ditu auzo barakaldarrak elkarlotzeko iriste-bide mekaniko berriak sortzen. Arrapala mekanikoak egin dituzte Arrontegin, Andikollanon (Lutxana-Llano) eta Eguzkiagirren (San Bizente - Zuhatzu Arteagabeitia). Horrez gainera, oinezkoentzako pasabideak egin dira Desertu-Berrian eta Retuerton eta Burtzeñan. Eta, igogailuak egiten ari dira edo aurki egiteko moduan daude Bakean (Gurutzeta), Arteagaoikon (Zuhatzu-Arteagabeitia), Etxatxu (Arrontegi) eta Sortzez Garbian (Gurutzeta). Azkenik, iazko soberakina txertatu ondoren, Arrontegiko Nafarroa kaleko iriste-bide mekaniko berria egingo da.

Udal instalazioetako iriste-erraztasuna ere hobetu da, eta oztopo arkitektonikoak kenduko.