Barakaldoko Udalak inbertsio handia egingo du San Bizente, Gurutzeta, Lutxana eta Gorostitza auzoetan hainbat hobekuntza egiteko. Guztira hiru milioi euro inbertituko ditu aipatutako auzoetan irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko, batik bat.

"Gure helburua Barakaldo hiri atsegin eta moderno bihurtzea da, bertan bizi eta lan egin ahal izateko. Horregatik, gure hirian inbertitzen jarraitzea erabaki dugu, kultura hurbiltzen, kirola bultzatzen, lanpostuak sortzen dituen obra publikoa egiten", adierazi du alkateak.

Zehazki, Sortzez Garbia kaleko sarbide mekanikoak berrituko dira. "Espazio honetan, hainbeste matxura sortzen ari diren eskailerak kenduko ditugu eta hiru igogailuren erabileran oinarritutako sarbide mekaniko berri bat sortuko dugu", iragarri du alkateak. "Beti defendatu izan dut eskailera mekanikoak ez direla aukerarik onena espazio baten irisgarritasuna hobetzea bilatzen badugu. Horregatik, igogailuak jarriko ditugu gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonek, adibidez, irisgarritasun osoa izan dezaten.

Horrez gain, El Cerco, Blas de Otero eta Sagasti kaleak egokituko dituzte. "Saneamendu berria, argiteria, espaloi berriak eta abar barne hartzen dituen eraberritze lan bat da", azaldu du Del Campok.

Kirol arloan hobekuntza lanak egingo dira Gorostitzako kiroldegian, barruko igerilekuan. Egungo igogailuaren ordez beste bat jarriko da, irisgarritasun-arazoak konpontze aldera.

Kulturari dagokionez, Lutxanako Kulturgunearen bigarren fasea burutuko da. Duela aste batzuk iragarri zen auzorako kultura- eta gizarte-ekipamendu berri hori kontratatzen hasiko zirela. Kasu honetan, auzoaren eskura egongo den erabilera anitzeko gela bat sortu eta egokituko da.

Azkenik, hainbat jarduera egingo dira San Bizente udal hilerrian, bertako instalazioak hobetzeko.

KONTU SANEATUAK ETA ZOR TXIKIA DITUEN UDALA

Barakaldoko Udalaren kudeaketa zorrotzari esker, mailegu bat erabili ahal izango da inbertsio berri horiek gauzatzeko, "Herritarrentzako zerbitzu publikoak indartzeari eta hobetzeari uko egin gabe eta udalerriko pertsona eta kolektiboei lagunduz", azaldu du Solak.

Kontuak zorrotz kontrolatzeak zorra aurrekaririk gabeko mailetara murriztea ahalbidetu du. "Ideia bat egin dezagun, aurreko legealdiaren hasieran zorra baliabide arrunten % 21 zen. Legegintzaldi berri honen hasieran, zorpetze-maila % 9,18koa zen. Hau da, legealdi batean zorra % 12an murriztea erdietsi da", azaldu du zinegotziak.

Aurten indarrean dauden maileguak berriz negoziatzeak interesak % 0,01era murriztea ekarri du. "Inbertsio mailegu berri honekin, legealdiaren hasieran baino zorpetze maila baxuagoan egoten jarraituko dugu, zehazki, 2 puntu gutxiago", zehaztu du.

"Laburbilduz, zorpetze-maila oso txikia izanik, eta mailegu hori eskuratzeko baldintza ezin hobeekin, Barakaldoko auzoetarako oso beharrezkoak diren inbertsioei aurre egin ahal izango diegu, ekonomia eta enplegua sustatu ahal izango ditugu, baina, gainera, hori guztia udal zorra oso baxua izaten mantenduz egingo dugu", gaineratu du.