SESTAO. Sestaoko alkate Ainhoa Basabe eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Pedro Jauregui Sestaoko El Sol parkearen inaugurazioaren buru izan ziren joan den ostiralean, hilak 27. Udalak amaitutzat eman ditu dagoeneko parkean eta bere pilotalekuan egindako lanak.

El Sol parkea Txabarri-El Sol gizarte eta hirigintzaren ikuspegitik birgaitzeko prozesuaren esparruan eraberritu da. Dena den, berezitasun bat du, hain zuzen, auzoan eraberritu den lehenengo espazio publikoa da, orain arte lan gehiena infraetxeak eraisten eta eraikinak birgaitu nahiz berreraikitzen eman baita.

Obra Sestao Berrik sustatu du, eta 850.000 euro inbertitu dira, nahiz eta finantzaketa ekonomikoa erakundeko bi bazkideek beren gain hartu duten. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 500.000 euroko dirulaguntzarekin parte hartu du; bien bitartean, Sestaoko Udalak gainerako 350.000 euroak jarri ditu.

Jarduketa-eremuan Alfredo Marín kale, Isaac Albéniz kale eta Vicente Díez plazaren artean dagoen espazio publiko guztia sartu da. Proiektuari esker, parkean zoladura ipini da, herri-argiak eraberritu dira, lorezaintzako elementu berriak landatu dira, baita bideozaintzako kamerak instalatu ere.

Gainera, 28 metroko luzerako pilotalekua estali da, eta argiteria jarri da erabilera anitzeko eremua sortzeko. Hala, kirol eta kultur jarduerak antola daitezke.

Urbanizazioa hobetzeko lan hauek ekainean osatuko dira paisaian esku hartuta. Horma-irudi bat margotuko da parkearen eskaileretan.

Ainhoa Basabe alkatea pozik dago jarduketaren emaitzarekin eta herritarrei gonbita luzatu die eremu honetaz gozatzeko eta errespetuz zaintzeko. “Gauzatutako proiektuari esker, auzoak pilotaleku estalia irabazi du eguraldi txarra egiten duenean babespean jarduerak antolatzeko. Espero dut hemendik aurrera parkea eta pilotalekua asko erabiltzea eta Txabarri eta Sestaoko herritarrei behar bezalako erabilera ematea”, azaldu du alkateak. Berriz ere Eusko Jaurlaritzari esker onak eman dizkio, auzoaren birgaitze-prozesua bultzatzeko udalerriari eskainitako laguntza ekonomikoarengatik.

Bestalde, Pedro Jauregui Etxebizitza sailburuordeak azpimarratu du Txabarri-El Sol hiria eraberritzeko eta etxebizitzak birgaitzeko esku-hartzea dela, hain zuzen, orain arte Eusko Jaurlaritzak Euskadin egindako asmo handikoena. Balioa eman dio “espazio publikoak sortzeari, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

INAUGURAZIOARENGATIK PROGRAMAZIO BEREZIA

Parkea jendeari berriz ireki zaiola ospatzeko, Sestaoko Udalak, elkarte eta kluben laguntzaz, Txabarri SestaON Bizi gizartean eta erkidegoan esku hartzeko programaren esparruan, jardueren egitaraua antolatu du, eta asteburuan pilotalekuan egingo da.

Ildo horri eutsiz, bihar, maiatzaren 29an (larunbata) goizeko 11:00etatik aurrera herri-kirolen erakustaldia egongo dira, honako joko hauekin batera: sokatira, txingak, harria altxatzea, ingudea altxatzea eta artaburuak jasotzea. 13:00az gero, Txabarriko Ostalaritza Elkarte sortu berriaren partaidetzari esker Txabarri eremuko ostalaritza-lokaletan pintxo potea eta Salleko taldearekin trikitixa-kalejira antolatuko dira.

Igandean, maiatzaren 30ean, 10:30etik aurrera, Lagun Artea pilota-elkarteak pilotalekuan eskuzko pilota-jaialdia gauzatuko du.

HURRENGO JARDUERAK

Lagun Artea elkartearen laguntzaz, ekainaren 11, 12 eta 13an pilotalekuan pilota-txapelketak egingo da, eta ekainaren 21etik uztailaren 25era udako campusa antolatuko da.

Uda igarotakoan, Sestaoko Udaleko Kiroletako Udal Zerbitzuak (Sestao Kirolak), Eskuzko Pilotako Udal Eskolak eta Lagun Artea klubak El Solen beste zenbait jarduera antolatuko dituzte auzoan pilotaren jarduera sustatzeko.