Etxean badira une batzuk isilik geratzeko direnak. Ez momentu handiak edo ikusgarriak direlako, baina bai barrutik zerbait mugitzen zaituzten horietakoak direlako. Niri hori askotan gertatzen zait nire bi alabak elkarrekin ikusten ditudanean. June da nagusia. Sei urte ditu, baina maiatzean zazpi egingo ditu. Maia, berriz, txikiena da; apirilean bi urte beteko ditu. Bost urteko tartea dago bien artean, baina batzuetan askoz txikiagoa dela dirudi. Orain dela egun batzuk amak esan zidan, ordu pare batez beraiekin egon ondoren, Junek nola lagundu zion Maia zaintzen. Nola jolasten duten elkarrekin, nola azaltzen dizkion gauzak, nola saiatzen den laguntzen... Eta egia da. Bien artean dagoen hori benetan berezia da. Junek asko irakasten dio Maiari, baina, egia esan, Maiak ere asko irakasten digu etxean. Bizitza poz handiz bizi du. Beti dago irribarretsu, barre egiteko prest, edo dantzan hasteko zain. Edozerk balio dio dibertitzeko eta alaitasun hori etxeko txoko guztietara zabaltzen da. Horregatik askotan pentsatzen dut Junek Maia zaintzen duen bezala, Maiak ere zerbait irakasten diola Juneri: gauzak arinago hartzen, barre egiten, une txikiez gozatzen. Batzuetan June harrapatzen dut Maia zertan ari den begira. Halako harrotasun batez begiratzen dio eta bakarrik hasten da barrez. Gero niregana etorri eta esaten dit: “Maia oso erotuta dago, ama. Asko maite dut”. Eta horrelakoetan ni naiz harro sentitzen dena. Polita da elkarri gauzak irakasten ikustea. Eta ama bezala, hau bizitzea, egia esan, opari ikaragarria da.