BARAKALDO. Beste urte batez, barakaldoko familiek D ereduaren alde egin dute aurten ere bai. Euskara hutsezko eredua gurasoek euren seme-alaben hezkuntzarako aukerarik hautatuena izan da berriro.

B eredu mistoaren aldean (euskara eta gaztelania), D ereduaren aldeko joera indartuz doala erakutsi du duela gutxi burututako matrikulazio aldiak. Horrela, bada, aurten, 6.509 matrikula egin dira euskara hutsean ikasteko, eta 5.895, ostera, eredu elebidunean ikasteko. "Iaz gertatu zen lehenengo aldiz sorpasoa matrikulazioetan, eta benetan gaude pozik egoerak bere horretan irauteaz. Horrek esan nahi du familia barakaldarrek euskararen alde egiten dutela; eta hori funtsezkoa da gure hirian euskararen erabilera normalizatzeko bidean aurrera egiteko", adierazi du Euskara Arloko zinegotzi Iratxe Focesek.

Udal barakaldarrak hirian euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako ekintzak izan dira D ereduan matrikulazioa hazteko akuilu. Iaz, euskararen erabilera biziberritzeko Plana onartu zuen udalbatzak, Amaia del Camporen taldeak hura prestatzen aritutako eragile eta alderdi politiko guztiekin adostasuna lortu ondoren. Plan horretan jasota daude datozen urteetarako Udalaren helburu eta ildo estrategikoak euskararen alorrean.

Udalak ildo horretan iragarritako azken neurria izan da Ikusika udalekuak: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak eta Urtxintxa elkarteak prestatu dituzte, Barakaldoko 10-12 urte bitarteko gazteek pandemia garaian galdutako euskara udan berreskura dezaten.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako sailek, Udalak eta hezkuntza-erakundeek euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzeko egiten ari diren lanaren fruitu dira matrikulazio-datu horiek. Oso poztu gaituzte datuek, eta espero dugu hurrengo matrikulazio-aldietan ere oraingo joerari eustea", erantsi du Focesek.

Nabarmen handitu da Barakaldon euskaldunen kopurua. 1986an, barakaldarren % 2,6k egiten zuen euskaraz. Orain, ordea, % 23tik gora barakaldarrek. 38.000 herritar da euskaraz hitz egiteko edo euskara ulertzeko gauza. Hainbat alorretatik ekiten dio Udalak euskara sustatu eta normalizatzeko eginkizunari. Alde batetik, ostalaritza, merkataritza eta aisiaren eta aisialdiaren profesionalen sektoreetako beharrei egokitutako ikastaroak eskaintzen ditu udal euskaltegiak. Horrez gainera, azken urteotan, handitu egin da euskara ikasteko laguntzen diru partida: gaur egun 40.000 eurokoa da. Merkataritza eta ostalaritzako errotuluak euskara hutsean nahiz bi hizkuntzatan jartzeko berariazko dirulaguntza sustatu da.

Bestetik, kulturaren arloan, euskara normalizatzeko bidean, ikuskizunak eta jarduerak antolatzen dira euskara hutsean familia osoarentzat.